Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Zalantzak uxatuta

Zalantzak ziran nagusi Athletic kopatik kanporatuta geratu zanean. Hiru aste igaro ondoren, zalantza guztiak desagertu egin dira eta Ernesto Valverderen taldea hautagai sendoa da datorren denporaldian Europan jokatzeko. Izan be, zuri-gorriek bikain erantzun dabe kopako zartako gogorraren ostean, eta hurrengo hiru partiduak erreskadan irabazita, puntu batera daukie sailkapeneko seigarren postua eta bira bosgarrena, liga txgapelketea amaitzeko zortzi jardunaldi geratzen diranean. Emaitzak onak izanda be, garaipenak eskuratzeko moduak indar handia emon deutso taldeari. Izan be, Valverderen gizonek sendotasun itzela erakutsi dabe azken bost partiduetan. Zuri-gorriek euren eskuetan daukie Europarako sailkapena eskuratzea, aurretik dituen Betis eta Vila-realen aurka jokatuko dabe-eta. Ezin da gehiago eskatu.

Liga txapelketako azken partiduetan ikusitakoaren arabera, zalantza barik esan geinke Athletic sasoi betean iritsi dala denporaldiaren tarte erabakigarrira. Ernesto Valverdek orekea aurkitu dau hamaikakoan. Arlo defentsiboan, taldeak aurrepausu nabarmena emon dau Iñigo Martinez taldera itzuli zanetik. Ondarrutarragaz zelaian, Athleticek sei gol bakarrik -opariak tartean- jaso dauz bederatzi partidutan eta aurkariek arrisku gitxi sortu dabe Unai Simonen atean. Nabarmentzekoa da, baita, Mikel Vesga-Dani Garcia bikotearen errendimendu ona zelai erdian.

Beste izen bat be azpimarratu gurako neuke: Ander Herrerarena. Hasieratik jokatu eban Almeriaren zelaian, aspaldiko partez, eta aberastu egin eban zuri-gorrien erasoko jokoa, defenditzeko orduan be sendo arituta. Fisikoki erantzuten badau, jokalari garrantzitsua izan daiteke denporaldia amai-tzeko geratzen diren zortzi partiduetan.

Erasoari jagokonez, Athleticek sei gol sartu dauz azken hiru partiduetan. Kopuru ona bada be, beste hiru-lau gehiago sar-tzeko aukera garbiak sortu dauz baina ez da eraginkor ibili. Valverdek esan dauen, lez, aukera horreek gauzatzen asmatu behar dau taldeak azken orduko larrialdiak saihesteko.Eta erasoko jokoak erakutsi dauen hobekuntza horretan garrantzi handia dauka Valverdek egindako aldaketa taktikoak. Hau da, Iñaki Williams hegalera eroan eta Gorka Guruzeta sartu aurrealdean. Gipuzkoarra titular izan da azken sei jardunaldietan, eta gol bakarra sartu badau be aberastu egin dau taldearen jokoa. Futbola bikain irakurten dauen jokalaria da.

Arestian esan bezala, taldea sasoi betean heldu da denporaldiaren azken txanpara. Horrek ez dau esan gura, baina, Europarako txartela erdi-eskuratuta dagoanik. Hurrengo zortzi partiduetan erabagiko da non amaituko dauen ligea Valverderen taldeak. Sevilla, Betis, Elx eta Celtaren aurka jokatuko dabe zuri-gorriek San Mamesen, eta Mallorca, Vila-real, Osasuna eta Real Madriden aurka etxetik kanpo. Esan beharrik ez dago, Katedrala gotorleku izan behar dala Europarako borrokan. Zuri-gorriek puntu gehiegi galdu ditue aurten San Mamesen. Sevillaren aurkako norgehiagoka, termometro ona izango da zuri-gorrien sendotasuna neurtzeko. Jose Luis Mendilibarren taldeak ez dira inoiz aurkari erosoak izaten. Aurten, ganera, goi mailako plantilea dauka esku artean.

Zorionak Sestaori eta Barakaldori mailaz igotzea lortu dabelako eta txapela kendu S.D.Amorebieta egiten dabilen denporaldiaren aurrean. Itzela izango litzateke bigarren mailara itzultzeko helburua betetea.