Síguenos en redes sociales:

Brankaganetik kikuke

Denporaldia ez da amaitu

Askok eta askok, denporaldia amaitutzat jo eben Athletic kopa txapelketatik kanpo geratu zanean. Ernesto Valverderen jokalariek, ostera, garbi erakutsi dabe hondino badaukiela zer esan liga txapelketan. Athleticek ez dau burua makurtu, bizirik dago eta azken partidura arte borrokatuko dau Europarako txartela eskuratzeko. Bost puntura dago seigarren postua eta Betis San Mamesera etorri behar da. Zuri-gorriek ez deutse ia denporarik emon taldearen inguruan ezkortasuna zabaldu gura dabenei eta denporaldiko porrot mingarriena jaso eta lau egunera, urrearen balioa daukien hiru puntu eskuratu dabez estadio gatx baten. Izan be, hogeta bost urte igaro dira Athleticek Espanyolen zelaian ligako partidu batean azken garaipena lortu ebanetik.

Osasunaren aurkako kanporaketan jasotako porrota oso gogorra izan zan. Beste final bat jokatzeko aukerea galdu zalako eta kolpe erabakigarria norgehiagoka amaitzear egoala etorri zalako, ordura arte ezer gitxi egin eban aurkariaren eskutik. Valverdek argi eta garbi esan eban lehenbailehen ahaztu behar zala gertatutakoa ligeari buru belarri ekiteko. Esatea erreza da, baina holako kanporatze batek eragindako minak sarritan zauri sakonak lagaten dauz, arlo sikologikoan batez be. Hori dala eta, oso gatxa zan jakitea zelan erantzungo eban taldeak Espanyolen aurkako partiduan, perikitoentzat hil ala bizikoa zan norgehiagokan. Ba, zuri-gorrien erantzuna bikaina izan zan lehen minututik. Sendo, oso sendo aritu ziran Cornella-El Praten, Unai Simonen atea babesteko ahaleginean batez be. Erasoari jagokonez, Athleticek ez eban gauza handirik egin aurkariaren ate aurrean, Iñaki Williamsen baloi luze batetik urrea atara eban arte. Aukera gitxi baina eraginkortasun handia, beste askotan taldeari falta izan jakona. Bigarren zatian, gauzak ez ziran askorik aldatu, Espanyolek markagailua iraultzeko ahaleginak egin arren. Izan be, Unai Simonek ez eban ia lanik izan partidu osoan zehar.

Sarritan esan izan dogu Valverdek partiduetan egindako aldaketek ez deutsela eragin positiborik ekarri taldeari. Espanyolen zelaian, ostera, Muniain eta Nico Williamsen zelairatzeak, aberastu egin eban zuri-gorrien erasoko jokoa. Dana dala, aldaketa bikoitza egin aurretik, Iñaki Williamsek bigarren gola sartzeko aukera garbia huts egin eban, Sancetek baloi bikaina emon ostean.

Nico Williamsek zoratu egin ebazan Espanyol taldeko atzelariak. Athleticeko aurrelariak gol bikaina sartu eban eta beste bat emon eutson Guruzetari, hiru aurkari atzean laga ostean. Mutil honen bertikaltasuna eta zorroztasuna jokalari gitxik daukie.

Zelaitik kanpoko kontuak aztertu behar doguz, Osasunaren aurkako partiduaren ostean gertatutakoa hain zuzen. Ez dot nik orain deskubriduko ze arriskutsuak izan daitekezan sare sozialak eta norainoko mina eragin leikien. Eta, zoritxarrez, Athletic ez dago arrisku horretatik kanpo. Kopako final batera joateak sekulako ilusinoa sortzen deusku danori eta aukera hori ezer ezean geratzea kolpe handia izan da danontzat. Athleticek ezin izan eban kanporatu Osasuna eta bakotxak bere eretxia azaldu leike, ni orain egiten nabilen moduan. Kritikek, baina, ezin dabe inoiz errespetuaren mugea gainditu. Nico Williams edota Oier Zarragak –hamar urterik Lezaman dagoan Getxoko semeak- jasan behar izan dabena onartuezina bezain salagarria da. Hori ez da gure estiloa, edo ez litzateke izan behar.