inork gutxik esan dezake estatuko hiriburua plaza erraza dela; galdetu, bestela, urteetan Kongresuan eta Senatuan euskal ordezkaritza izan dutenei. Plaza hori hormez ongi hesiturik ageri da estatuaren lurralde ikuspegiaz edota hizkuntzen kontuez hitz egiten den bakoitzean. Ezker-eskuineko espainiar nazionalismoak lurralde bakarra eta bateratua ikusten duelako. Ondorioz, entzungor egiten die aniztasuna eta errealitatea onesteko asmoz bideratzen diren ekimen guztiei... Eta estatutua betetzeari dagokionez, premia daukanean hartzen ditu konpromisoak, hainbatetan, azkenean betetzen ez direnak. Abagune honetan, atentzioa deitzen du ezker abertzalea deitutakoak zein erraz babesten dituen gobernuak proposatutako neurriak eta bestelakoak, horietako askok gure autogobernua kimatzen edo ezerezean laga arren.
Hizkuntza kontuez, Kongresuan, estatuaren menpeko erakundeetan ofizialkide diren hizkun-tzen erabilera bultzatzeko proposamena onartu da. EAJ alderdiak proposatu ondoren, PSOE alderdiarekin adostu da delako ebazpen hori. Garrantzitsua da gaia, hainbeste alditan aipatutako Konstituzioak estatuari hizkuntza ofizialkideekiko eginbeharrak ezartzen dizkio, estatuak betetzen ez dituenak, hizkuntza ofizialkideekiko ardurak gainetik kendu eta erkidegoen esku uzten ditu eta. Horrek dakarren guztiarekin, besteak beste, Nafarroako Erkidegoan, herritarren bizilekuaren arabera, hizkuntza eskubide desberdinak izatea; estatuaren menpeko erakundeek euskara, katalana eta galegoa ofizialkide diren lurraldeetan herritarren hizkuntza eskubideak eta indarrean diren xedapenak ez betetzea eta abar.
Ondorioz, hartutako erabakiak garrantzia dauka eta bete dadin ahalegin guztiak egin beharko lirateke... baina ez da aski! Nago, asko irabaziko genukeela bizikidetzaren eta elkar ulertzearen alde estatuan, bereziki, Madrilen, hizkuntza ofizialkideetara hurreratzeko egiazko ahalegina egingo balitz, bai eta haien presentzia ugariagoa balitz askotariko erakundeetan ere. Euskara, galegoa eta katalana Ozeaniako uharte galdu bateko hizkun-tzaren pareko zerbait gisa har ez daitezen. l