AFARROAN 30.000 hektarea inguru erre ditu suzko leherketa erraldoi batek. Hego Euskal Herriko suhiltzaileak elkarlanean aritu dira, beste batzuekin batera, amatatze lanetan. Erribera eta Erdialdean hainbat herritako paisaiak errauts bihurtu dira eta inguruetan gozatu izan dugun usai osasuntsua, kiratsa. Kezkaz beteta eta negarra begietan ikusi ditugu biztanleak.

Suok itzali dira eta orain herritarrak eta herri erakundeak elkar hartu eta hausnartzea tokatzen da, kalteak ebaluatu eta aurrera begirako neurri egokiak erabakitzeko. Lehen orduko ika-mikak gainditu eta horretara jarriko direnaren itxaropena dut, denen helburua baita egoerari konponbideak bilatzea.

Hondamendi honen zergati sakona mahairatu da behin gehiagotan. Denok ikusi dugu egun gutxiko tartean tenperatura maximoak 12 gradutik 40ra nola igaro diren, denok gogoratzen dugu orain hilabete batzuk inoiz ezagutu bako elurteek nola bloketatzen zituzten errepideak 2-3 egunetan.

Honez gero, prebentzio hitza neurri sistematikoez jantzi beharra dago, hurrengo ezustekoek hobeto harrapatu gaitzaten. Premiazko neurrien artean ezagunak diren batzuk aipatzearren, basoak garbitzea, bidexkak egokitzea, suhiltzaile kidegoen ibilbide-mapak egin eta argitaratzea eta aho txikiz aipatzen den bolondresa sustatzea.

Bolondres modu berezia da, hain zuzen, euskal auzolana, oraindik hainbat udaletan egikaritzen dena, lege-mailako arauei dagokien konpromisu eta erantzunkizunez. Nafarroan gertatu den zarrazkiak argi utzi du lan komunalen eta gizartearen konpromisoaren premia. Parte hartzea ez da bakarrik iritzia ematea; batez ere, gizartearen beharretan konprometitzea da, horrela ere -batez ere horrela- sendotzen baita gizartearen beraren bizitasuna.

Aldaketa klimatikoaz jabetuta gaude; egoera orekatuagora iristeko kultura aldaketen urjentzia bistakoa da. Lehen begiradaz gaindi, egoeraren larria barneratu behar dugu, kontsumo ohiturak aldatu, ekoizpenak eta zerbitzuak egokitu eta auzolana hedatu.