ERO eta sarriagotan entzun beharko ditugu egunotan tai gabe entzuten ari garen albistea: muturreko beroa. EITBk egunero entzunarazten dizkigu Nafarroako herri batean piztu den bero itzelezko infernua, eta kostaldean dabiltzan ibiltarien kezka epelak. Albistea, berez, zenbakien betiko dantzan datza: hantxe berrogeitaka, hemendik hogeita hamazazpi, handik hogeita hemeretzi, eta Espainian berrogeita hiru. Xelebrekeria balitz bezala, bero olatu anormal eta ezohiko hori bat-batean gertatzen den albiste fribolo, sinple eta egunerokoa balitz bezala. Koloreekin ere jolasten dugu hemen, horia, gero laranja, gero berriz horia...

Kontua da bero sargori honek sortu duen albistearen antzekoak maiz entzun beharko ditugula hemendik aurrera. Agian, neguan telebista horrek ipar-afrontu itzel bat badatorrela esango digu, eta elurra egingo duela gure zaharrek inoiz ikusi ez duten moduan, eta etxean gelditzeko, mesedez, beharrezkoa ez bada ez ateratzeko. Edota eurite deabruzkoak izango ditugula, eta kontuz kostaldean paseatzearekin olatuek dena suntsituko baitute.

Eta berriz uda heltzen denean, bero sapa jasanezin prebisibleak izango dira protagonista, eta albisteak esango du gerizpean gordetzeko, halako bero itzelarekin pertsona zaurgarrienak jagoteko, eta ur asko edateko, eta ez egoteko eguzkitan, edota eguerdietan kirolik ez egiteko, mesedez.

Halakoak entzungo ditugu. Eta nago sentsazionalismo horrekin lotuko garela lasai. Jainko maitea, zelako tenperaturak! Baina alarma ez da piztuko.

Halarik ere, guztiok dakigu, edota jakin beharko genuke, hori guztia anomalia itzela dela, eta deskalabru hori gizakiok eragin dugula, eta geuk ere larriagotuko dugula egoera datozen urteetan, dugun modelo ekonomikoa aldarazten ez badugu, eta burutzen ari garen triskantzari galga jartzen ez badiogu.

Bitartean, koloreekin jolastuko dugu, ehunka sute piztuko dira, mendiak kiskaliko dira, eta gure ekosistemak beste behin itoko dira, desagertzeko zorian jarri arteraino.

Eta hori guztia hidratazioarekin ez dugu konponduko.