IRE aitatxo zenak, Felix Inocenciok, Inosenek, gaztetan pasadizo hau kontatu zidan buru makur baina harro, serio, bihotzean zeraman eta. Aitatxo Saseta Batailoko gudaria eta EAJkoa zen, Santoñan preso hartua eta El Dueson espetxeratua. Ondoren Puerto de Santa Mariara bidalia. Gai hauetaz oso gutxi hitz egiten zuenetakoa. Baina behin honokoa kontatu zidana bihotzera bortizki iritsi zitzaidan, gaur arte, literalki:

"Gure pabiloia alanbrada seguru batek inguratzen zuen paretatik hiruzpalau metrora, eta tarte horretan egoteko, nahiz bueltaka ibiltzeko, baimena genuen egunoro ordubetez funtzionario pare bertan zegoelarik. Behin ustekabekoa, inork zergatik ez zekiela presaka pabiloian sartzeko agindua. Antza, funtzionarioek legez kontrako gertaera bat jakin izan. Gure departamentukoak gora eta behera zebiltzan bitartean guardiak ohartu omen ziren norbait, preso bat alegia, euskaraz hitz egiten ari zela... lotsagabekeria! Erruduna zigortua, nola ez ba... beren modura gogoz jipoitu alajaina! Egurtu egin zuten gustura. Gure taldeko bat zen gainera. Txuri-txuri eginda, dardarka, itzuli zen gure txokora, ezertarako gauza ez zela. Berehala etzan nahi izan zuen oholtza xumean:

-Tapa nazazue arren, tapa nazazue arren!

Zer gertatu zen? Bueltaka zihoanean euskaraz hitz egin zuela. Hori. Debekatua ordea. Besterik gabe bizkarra berotu zioten. Ez zen isildu orduan ere. Ez zegoela damututa esan zien, euskara zela bere hizkuntza. Konkretuki hitz hauek adierazi zizkien: "Ez da jaio, ezta jaioko ere, amaren semerik niri euskaraz egiten debekatuko didanik". Gazteleraz esan zien. Hori entzutean astinaldiak gogorrago segitu zuen. Protagonista Joxemari Telleria zen. Askatu ondoren Donostian bizi izan zen gerra aurretik bezala. Hantxe lanean jarraitu zuen beste mundura joateko ordua ailegatu zitzaion arte".

Joxemari aitatxoren lehengusua zen, Antigua auzokoa. Sozialista. Aitatxok beti, estima handiaz, errespetu oso handiz hitz egiten zuen betaz. Bihotzean beti. Betirako. Biak. l