Garaipena eskuratzeko meritoak egin ebazan Athleticek Valentziaren aurkako partiduan baina ezin izan ebazan hiru puntuak eskuratu. Lehen zati aspergarri baten ostean, egia da Marcelinoren taldeak aukera garbiak euki ebazala aurkariaren atea zulatu eta garaipena eskuratzeko baina egia da baita, urrearen balioko puntu bik ihes egin ebela Katedraletik. Bordalasen taldearen planteamendu ultradefentsiboa -Valen-tziak ez eban ia jaurti bere egin Unai Simonen atera- edota bisitariek, zuri-gorrien jokoa behin eta barriro eteteko egindako denpora galtzeak ezin doguz atxaki moduan hartu. Marcelinotik hasita, danok genkian zelako aurkaria aurkituko genduan zelaian. Kontua da, ate aurrean erakutsitako eraginkortasun ezak sari barik itxi ebala zuri-gorriek partidu osoan zehar erakutsitako nagusitasuna. Kontuak kontu, Athleticek irabazi egin behar dau gaur Granadan. Argi eta garbi.

Maiatzaren 10ean gagozanean eta Aitor Elizegiren agintaldia amaitzear dagoanean, hondino ez dakigu noiz egingo diran presidente barria aukeratzeko hauteskundeak eta ondorioz, ez dago esaterik nor jesarriko dan San Mameseko aulkian hurrengo denporaldian. Entzundakoak entzunda, ez dau emoten Marcelinok aukera handirik daukanik bere postuan jarraitzeko, plantilako jokalariak asturiarrak jarraitzearen alde agertu arren. Egia esateko, begi onez ikusiko neuke Marcelinok zuzentzea Athletic hurrengo denporaldian. Sendotasuna eta nortasuna emon deutso taldeari. Zuri-gorriak lehiatu egiten dira partidu guztietan eta mailarik onena emon ezkero edozein aurkari menderatzeko gauza dira, denboraldi honetan Real Madrid, Bartzelona, Atletico de Madrid, Sevilla, Betis, Reala edota Vila-realen aurka erakutsi daben moduan. Era berean, gaur gaurkoz, -bihar edo etzi Iraola Athleticeko entrenatzaile izango da- ez dot ikusten hautagai erakargarririk Marcelinoren lekua hartzeko Jurgen Klopp ez bada. Beste kontu bat da, berak jarraitu gura dauen, eta hori ez daukat bape argi azkenaldian egin dauzan adierazpenak entzunda.

Athleticeko presidente barria aukeratzeko hauteskundeak hainbeste atzeratzeak kalte handia egiten dau Lezaman. Suposatzen dot Rafa Alkortak edota Andoni Aiarzak argi daukiela ez dabela euren karguetan jarraituko. Soldatan joake. Lezaman, baina, ehun bat langilek ez dakie behar barik geratuko diran ekainaren 30ean. Egun horretara arteko kontratua daukie eta egunotan bizi daben egoerea jasangaitza da inork ez deutsielako ezer esaten. Presidente barria aukeratu eta Lezamako arduradun barriak izendatu arte ez dabe jakingo Athleticen harrobian jarraituko daben lanean ala langabezian geratuko diran. Ziurgabetasun egoera gogorra benetan klubaren harrobiko beharginena.