Apirilaren 30a egun biribila izan zan Athleticentzat datorren denboraldian Europan jokatzeko borrokan. Vila-realek, zuri-gorrien aurkari nagusiak zazpigarren amaitzeko lehian, galdu egin eban Mendizorrotzan. Ondorioz, Marcelinoren taldeak aukera bikaina eukan puntu bakar batera hurreratzeko. Horretarako, baina, irabazi egin behar eban Txapeldunaren Ligarako borrokan dabilen Atletico de Madriden aurka. Eta lehoiek ez eben huts egin. Lehen minututik aurkariaren bila joan ziran eta ondo merezidutako garaipena eskuratu eben 44.000 zaleren aurrean. Egia esateko, gozatu egin genduan zelaian ikusi genduanagaz, etxeko taldea hain indartsu ikusita, eta harmailetan sortutako giro ederragaz. Liga txapelketea amaitzeko lau jardunaldi geratzen diranean Athleticek bizirik daukaz Europarako sailkatzeko aukerak. Ez da erreza izango baina gauza asko gertatu daitekez azken lau partidu horreetan.

Celtaren aurkako porrot mingarriaren ostean zuri-gorrien denporaldia amaituta egoala emoten eban arren, Cadiz, eta batez be Atletico de Madriden aurka kateatutako garaipenek biztu egin dabez zuri-gorrien aukerak Europarako sailkatzeko. Marcelinoren taldeak Atletico de Madriden aurka egin eban erakustaldia ikusita, motiboak daukaguz baikor izateko. Horregaz batera, zazpigarren postuan dagoan Vila-realek ez dauka burua Conference Leaguerako sailkatzeko borrokan, Txapeldunen Ligako final aurrekoetarako sailkatzeko lehian baino. Ganera, Unai Emeryren taldeak aurkari gogorrak izango ditu azken lau jardunaldietan: Sevilla eta Reala hartuko ditu La Ceramica estadioan eta Vallecasen eta Nou Campen jokatuko dau. Horregaz guztiagaz batera, ligea puntu bardinekaz amaitu ezkero, gol-average dalakoa Athleticen aldekoa da. Eta urrunago joanda, Realaren seigarren postua -Europa Leaguerako sailkapena- bost puntura dago eta Imanolen taldeak mailari eusteko borrokan ari diran Levante eta Cadizen aurka jokatuko dau hurrengo jardunaldi bietan eta Vila-real eta Atletico de Madriden aurka azken bietan. Oso gatxa izango da, bai, baina ez dot aukerea baztertzen. Gol averagea zuri-gorrien aldekoa da.

Europarako sailkatzeko aukerak zuri-gorrien eskuetan dagoz baina helburua bete gura badabe, ezin dabe huts egin datozen lau partiduetan. Marcelinoren taldearen fidagarritasuna kolokan geratu da denboraldi honetan zenbait partidutan gertatukoagaz. Athleticeko entrenatzaileak esan dau orain arte jokatutako hogeta hamalau partiduetatik lautan bakarrik egin dauela huts bere taldeak, Rayo, Cadiz, Mallorca eta Celtaren aurka. Bitxia bada be, zazpi-zortzi partidurik behin, zuri-gorriek porrot egiten dabe: 6. jardunaldian Rayoren aurka, 13. nean Cadizen aurka, 24.nean Mallorcaren aurka eta 32.nean Celtaren aurka. Zuri-gorriek ez dabe asmatu Europako postuetan sartzeko aukera garbiak euki dabezanean. Itxaron daigun horrelakorik ez gertatzea azken lau jardunaldietan.

Ez dakit Athleticek Europan jokatuko dauen datorren denporaldian baina sailkapena lortuko ez baleu pena handia izango litzateke. Zuri-gorriak garaile izan dira Real Madrid, Bartzelona, Atletico de Madrid, Reala, Betis eta Vilar-realen aurka, sailkapeneko goialdeko talde guztien aurka Sevillaren kontra izan ezik, Lopetegiren taldearen aurka partidu handia egin arren. Hori lortu dauen taldea Europako postuetan egon beharko litzateke. Rayo, Cadiz, Mallorca eta Celtaren aurkako porrotek kalte handia egin dabe.