STE honetan bertan irakurri dut: Lugon, galizieraz hitz egiteagatik, emakume bati eraso egin diote. Emakumea beste lagun batekin ari zen hizkuntza horretan lasai, behar den moduan, eta gizon bat hurbildu zitzaien eta agirika egin zien galegoz berbetan zeudelako. Bertako agintariek salatu egin dute liskar horren egilea, gertaturikoa hizkuntza eskubideen kontrako erasotzat hartuta. Lugoko Udalak ere esan du ultraeskuinak sustatutako inposizioari buruzko faltsukeriak eta galizieraren kontrako diskurtsoak beren eragina sortzen ari direla, eta horrek guztiak urte ilunetara eramango duela berriz galiziera.

Seguruenik, nork bere istoriotxo bat izango du mota horretako agresio baten inguruan. Nik aspaldian jaso nuen bat Zuberoan. Urdatx-Santa-Grazi herrian gertatu zitzaidan. Bertako ostatüko anderearekin ari nintzen xiberera lardaskatzen, ahoskeran senperrenak eginez, eta halako batean, bertan zegoen gizon frantximenta bat hurbildu zitzaigun eta frantsesez berba egiteko esan zigun, hura Frantzia zela gaineratuz. Emakumeak berehala aurpegiratu zion frantsesez nahi genuen hizkuntzan ari ginela, eta bakean uzteko, tabernatik hanka egiteko. Kontua hor amaitu zen.

Betidanik harritu naute besteon askatasuna murritzeko edota desagerrarazteko egiten diren ahalegin zikiratzaileek. Eskuin muturraren aldekoengandik jaso ohi dira, eta gaur egun, korronte horri gero eta hots handiagoa ematen zaionez, morroi faxistak puztu egin dira.

Kontua da Galizian zein Euskal Herrian hizkuntza mesprezatu egiten dela ia maila guztietan. Behatokiak egunotan aurkeztuko du Hizkuntz Eskubideen Egoera 2021 txostena, eta bertan ondorioztatuko dutena da hizkuntza eskubideen urraketa normalizatzen ari dela. Txosten horretan gure lurralde guztietan, eta arlo ezberdinetan egin diren urraketak jasotzen dira eta horren inguruan gaur egungo egoera azaltzen da. Aurretiaz antzeman daitekeenez, euskararen munduan emandako pausuak asko izan ziren, baina panorama ez da guztiz baikorra, urraketek gora egin baitute. Urraketara ohituko gara?