Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ezjakinaren ausardia

Pandemia gainditzeko azken neurrien gainean Euskadiko Auzitegi Nagusiak erabakitakoaz, iruzkintxo bat. Herritar gehienok estimazio handia diogu askatasunari. Pandemia egoera lazgarri honetan, ez al da egokia txertatzen ez denak neurriko ondorio batzuk barneratzea? Ez al ditugu gainerako herritarrok jasaten txertatu ez direnen ondorioak? Bazen bat Madrilen askatasunaren gailurtzat zeukana kafetxo bat lagunartean har- tzea. Ez dago urrun epailearen azken erabaki hori.

Epai-kontuak ezagutu ditugu Laudioko udaletxean ere. Langile bat behin-behineko lanpostua betetzen egon da 6 urtetan, adostua zuelarik epe horretan euskara-maila jakin bat lortzea. Ez du adostutakoa bete eta ez dauka jarraitzerik. Halere, epaileak arrazoia kendu dio udaletxeari.

Konparabidez, ikasle bat osagile izateko unibertsitatera doanean eta dagokion jakintza-maila frogatzeko denbora-mugan lortzen ez badu, ez da osagile izango. Hori ez dute epaileek zalan- tzan jartzen. Aldiz, euskara-profila ez da kontratuetako apaingarri bat, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko administrazioek duten tresna baizik. Eta justu horixe da epaiak aipatu ez duena.

Kasu honetan beste kontu batzuk jarri dira epaiaren arraozibide; euskararen egitura oso konplexua dela ehundaka aurrizki eta atzizki dituelako edo munduan zailenetarikoa dela. Zer adierazi nahi da, euskaraz egiten berez edota ukondoak jarriz ikasi dugunok munduko pertsona azkarrenetakoak garela? Txantxak utzita, Alemania aldera osteratxo bat nahikoa luke atzizkien kontuez jabetzeko. Ez dago hizkuntza zailik, bai ostera distantzia soziolinguistiko nabarmena dutenik, gure bi hizkuntza ofizialak kasu, guk jakin genuen bezala gaztelania ikasi genuenean.