Erredakzio-Mahaia

Morboaren bertsio gaurkotua

31.10.2021 | 02:41
Morboaren bertsio gaurkotua

Urrezko arrautzak erruten dituen oiloa aurkitu zuen Netflixek duela bi urte Alkasser kasuaren harira ekoiztutako dokusailarekin. Asmoa 1992an bahitu eta erail zituzten hiru neskatoen gertakaria kontatzea zen, elkarrizketen bidez frogen inguruko azterketa gaurkotua eskainiz. Baina ez hori bakarrik. Ikus-entzunezko lan honek hiru hamarkada lehenago krimenari eman zitzaion trataera sentsazionalista agerian jartzea zuen helburu. Nerea Barjola ikertzaile bizkaitarrak luze eta zabal aztertu zuen komunikabideek gertaeraren inguruan egindako jarraipena, horren bidez ezarri baitziren hurrengo urteetan emakumeek bere segurtasuna bermatzeko errespetatu beharko zituzten mugak. Horrela, bere esanetan, Netflixek "arrisku sexualaren kontakizuna eraiki zuen berriz, narrazio oso indartsu baten bidez". Izan ere, xehetasunak eta irudi esplizituak ematez gain, esklusibak iragartzen zituen eta epaiketako materiala zabaltzen zuen. Hau da, kritikatzen saiatzen zen horretan erori zen. Gerora etorri da Wanninkhof-Carabantes kasua aztertzen duen beste dokusail bat. Eta, ekarpen horren gainetik geratzeko, HBO Max plataformak krimenaren zehar-kalteak bortizki pairatu zituen Dolores Vázquez elkarrizketatu du asteartean estreinatu duen beste bertsio batean. Kontraerasoa aste berean aurkeztu du Netflixek: ¿Dónde está Marta? dokusaila ekoitzi berri du Marta del Castilloren kasuan oinarrituta. Minaren eta morboaren merkaturatzeari errentagarritasuna ateratzeko jokoan konpetentzia atera zaio Mediaseti.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia