Bizikidetza Nafarroan: konfiantza-kontua

29.06.2021 | 01:20

PASA den ekainaren 16an, Nafarroako hiriburuko Civican gunean, nire ustez gure erkidegoarentzat esanahi soziokultural eta politiko berezia duen jardunaldi bat egin zen. Eusko Ikaskuntzak, bere sorrerako misioarekiko leial jokatuz, eta aldaketa-garai bateko edo, agian, gaur egungo zenbait pentsalariren iritziz, garai-aldaketa bateko erronka berrien aurrean, hausnarketa-lan baten ondorioak partekatu nahi izan ditu adituekin eta herritarrekin; izan ere, duela urte-pare bat, Nafarroako aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren inguruan hausnartzeari ekin genion. Azken helburua gure bizikidetza hobetzea da, eta, ahalegin horretan, Foru Gobernuaren laguntza dugu, eta eskertu egiten dugu.

Ez dut aurkeztutako proiektuaren txostenaren xehetasunetan sakonduko orain, ez eta jardunaldian bertan esandako guztian ere, baina azaldutako ideia ba-tzuk hartuko ditut, giltzarri iruditzen zaizkidanak, Eusko Ikaskuntzaren arduradun gisa lehen iritzi pertsonal bat publikoki adierazteko. Gure errealitate sozialaz zerbait dakien edonor ohartu daiteke Nafarroako aniztasuna kudeatzea korapilatsua eta zaila dela, bereziki azken hamarkadetan eta demokrazia formal baten erregimenean. Badirudi bi gai gatazkatsu nabarmentzen direla txosten horretan: euskararen kudeaketa eta nortasun nazional(ar)en polarizazioa. Begien bistako loturak eta elkarreraginak daude bien artean, baina, haien azpitik, funtsezko balio bat dago jokoan: desberdinen arteko elkarrekiko konfian-tzan oinarritutako bizikidetza.

Jakin badakigu giza-harremanak gatazkatsuak direla maiz, eta hori ez da kontu arrazional edo politiko batera soilik mugatzen; izan ere, izugarrizko eragina du alderdi emozionalean. Eta emozioez aritzeko, "heziketa sentimentala" behar da, familiak eta eskolak eman behar dutena, eta heldutasun pertsonal eta kolektibo handiagoa ahalbidetuko duena. Horrelaxe enpatiza daiteke, eta beste aldearen sufrimendua balioetsi, errealitatea den bezala onartuz, desira subjektibotik harago, eta ustezko bidegabekeria objektiboek —edo ez hain objektiboek— eragindako erresumin inkontziente oro —edo ez hain inkon-tziente— gaindituz. Askotan, kulturalki paraleloak diren munduetan bizi gara, elkarrengana benetan hurbildu edo elkarrekin benetan komunikatu gabe, gure deliberazio-esparrua gure munduetara edo antzekoak direnetara soilik mugatuta. Eta, gero eta gehiago, hori bideratzen dute teknologia digital polarizatzaileek, norberaren apriorismoak berrelikatzea errazten baitute. Horren ondorioz sor-tzen da mesfidantza, beste aldeari buruzko ezjakintasunaren ondorioz, hain zuzen; eta mesfidantzak beldurra sorrarazten du, eta beldurrak, bere aldetik, gorrotoa. Konfiantzak, berriz, komunikazioan eta inklusioan oinarrituta denok lotzen gaituena bilatuz, ulermena, aintzatespena eta balioespena dakartza berekin.

Hortaz, tolerantzia ez da nahikoa, beste alde batera begira egotea eta besteei bizitzen uztea ez da nahikoa; elkarrekiko errespetua behar da, eta desberdinaren balioa balioetsi, haren eskubideak norberarenak balira bezala defendatzeko, eta horrek, era berean, betebeharrak dakartza eragindako alderdi guztientzat. Arrazoi duzula uste baduzu beti, nagusitasun arrazionala eta morala duzula, gutxi hitz egin eta partekatu ahal izango duzu. Lehenik eta behin, benetako arazo bat dagoela azpimarratu nahiizan da proiektuan, adibidez, euskararen kudeaketaren inguruan. Identitate-aniztasun

handia —nafar identitatea, nahiz eta inork ez lukeen haren jabe bakar sentitu behar— dagoela, batzuetan polarizatua, adierazten du horrek, eta kudeaketa demokratiko hura eskatzen du. Hala ere, zerbait argi dugu Eusko Ikaskuntzan: ez dugu zehaztuko gobernuen politika edo beste subjektu sozial eta politiko batzuena. Hori bai, ez dugu izan behar korapilatsua denari buruz eztabaidatzeko beldurrik, gure erosotasuneremutik

ateratzen gaituelako. Beraz, garrantzi-tsua izango da parte-hartze horizontalerako eta topaketa eraginkorrerako bideak jartzea, herritarrek eztabaidatzeko eta erabakitzeko bideak jartzea, egitura instituzionaletatik harago, eta

egun dauden eskaerak haietan integra-tzea.

Amaitzeko, ohar bat —ez azkena izateagatik garrantzi txikiagokoa—, gaur egun hain beharrezkoak diren konfiantzazko espazioen sortzaile gisa emakumeek historikoki izan duten zereginari buruzko jardunaldian azpimarratutakoaren gainean. Bereziki, espazio horiek sortzeko modu desberdinaren gainean; izan ere, emakumeek ez bezala, irabazleak eta galtzaileak bereizten dituen modu hegemoniko eta dikotomikora jotzen du patriarkatuak. Feminismo gehiago eta hobea behar dela esan nahi du horrek,

emakumeek presentzia eta agerikotasun handiagoa behar dutela, baina, hori ez ezik, aurrerapauso bat eman behar dugula beste harreman batzuk bizitzen eta eraikitzen, gure gatazkak kudea-tzeko.

Azkenik, proiektuak aurrera jarraitzen du. Epe luzerako prozesuak dira, konfiantza oso hauskorra eta zaurgarria baita, eta gorabeherak izaten baititu. Aldaketak ez dira legeetan soilik egiten; jarreretan ere egin behar dira. Eta jendea arrazionalki konbentzitu beharrean, emozionalki erakarri behar ditugu, betiere pasioaren eta arrazoiaren arteko oreka alde batera utzi gabe. Orain, gazteengana hurbiltzea dugu helburu, orainetik etorkizunari beti begiratzen dion itxaropen batez. Gazteak, beren esperientziengatik, elkartzeko, hitz egiteko eta partekatzeko irekiagoak izaten dira, eta, agian, gaiago izango dira beren buruari esateko zer sortzen dizkien deserosotasuna eta mesfidantza beste aldearen identitatearekiko, eta, horri esker, gauza bera pentsatzen eta sentitzen ez duenarekin bide berriak egiten saia-tzeko. * Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako lehendakariordea

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia