ALDE bat uzten duen futbolaria edo entrenatzailea ez bazara, nekez onartuko dizute, gizon, jendaurrean negar egitea. Eta badakizu, Julio Iglesiasek esango lukeen bezala. Taldea uztera doan futbol-heroiaren malko horiek ezin hobeto ulertzen ditu jendeak, eta maitasunez eta emozioz besarkatzen du kirolariaren keinu hori. Kasu horietan, gizonaren sentiberatasuna, gizatasuna, sentimendua goraipatzen dira. Baina ondo dakizu ez dela gauza bera gertatzen beste testuinguru batzuetan.

Izan ere, gizonek txikitatik ikasi duzue ez dagokizuela negar egitea. Ez behintzat gizon-gizonak izan nahiez gero. Behin baino gehiagotan esan eta entzun duzue esaldi famatu hori: ez negarrik egin neskato batek bezala.

Horregatik, batzuetan, kirolari bat prentsaurrekoan negarrez ikusten dudanean, nahi gabe pentsatzen dut une horretan ateratzen ari zaizkiola bizitza osoan zehar barruan gordeta eta ezkutatuta izan dituen malko guztiak. Horrela, imajina-tzen dut negar egiteko gogoari eutsi ziola eskolako borroka batean min eman ziotenean, sentitu zuen atsekabea disimulatzen saiatu zela neska hark berarekin atera nahi ez zuela esan zionean, barrutik negar egin zuela baina malkorik isuri gabe bere lagunik onenak traizioa egin zionean, eztarrian sentitu zuen ziztada disimulatzen saiatu zela bere lagunek opari sorpresa hura eman ziotenean, negarrari eutsi ziola baita ere bere alaba jaio berria lehenbizikoz ikusi zuzenean.

The Cure taldeak abesten zuen bezala, "Boys don't cry". Negar egitea emakumeei egotzi izan zaie beti, eta historikoki ahultasunarekin lotu izan da. Beste pertsona batzuen aurrean negar egiteak, ordea, ausardia handia eskatzen du askotan, zerbait intimoa eta egiazkoa partekatzea dakarrelako, eta, zuen gizonen kasuan, agindu sexistak haustea dakarrelako. Horregatik, zin egiten dizuet zinema areto batean zuetariko batek nire ondoan negar egiten badu edo kalean loretan dauden zuhaitzen edertasuna ikustean negarrez hasten bada, orduan ere, futbolariarekin egiten den bezala, zuen sentiberatasuna, gizatasuna, sentimendua goraipatu ditudala. Nik eta espero dut beste askok ere.