Erredakzio-Mahaia

Amatasunaren eredua

02.05.2021 | 00:59
Amatasunaren eredua

Orrialde batzuk aurrerago irakurri dezakezuen albistearen spoiler txiki bat: Gazteen Euskal Behatokiak egindako inkesta baten arabera, seme-alabak izan nahi dituzten 15 eta 29 bitarteko gazteen kopurua 17 puntu jaitsi da azken bost urteotan. Arrazoien artean lan-prekarietatea eta etxebizitzen prezioa aipatzen dira. Baina begien bistako ez den beste zergaiti bat ere aurkitzen dut, behintzat emakumeen kasuan. Amatasuna modu hertsian ulertzeko dagoen joeraz ari naiz. Argi ikusi da azken asteotan Rocío Carrasco telebistan ematen ari den testigantzarekin. Hainbat urtez "mala madre" izatea egotzi ostean, alabarekin harremana eteteko emandako arrazoiak ulertu ez dituzten gehiegi daude oraindik. Maitasunak dena jasan baldin badezake, amatasunak are gehiago. Erakunde publikoek kontziliazioa, eskolatzeko laguntzak, aitatasun-bajak, etxebizitza publikoa... sustatu ditzakete, baina gizarte bezala asmo handiagoko ariketa egin beharrean gaude, antzinako rolak sendotzen dituen amatasunaren ereduan eroso sentitzen ez diren gazte gehiegi baitaude. Horretan ere badoakigu jaiotza-tasarekin dugun arazo mardula konpontzea. Eta behin hau esanda, amaren eguna denez, beharrezkoa izan gabe erabateko arduraldia eskatzen duen modelo zurrunera fintasunez egokitu den nirea zoriontzeko tartea hartu nahiko nuke. Izan ere, euskara batua menperatu ez arren honako hitzak ulertzeko itzultzaile neuronala erabiltzearen lana hartzen du astero.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia