Erredakzio-Mahaia

Sufrimenduaren funtzioa

11.04.2021 | 00:55
Sufrimenduaren funtzioa

Aldameneko herrialdera begiratzeko beste arrazoi batzuk izan ditugu aste honetan, murrizketarik gabeko oasiaren promesapean Parisetik Madrilera bidaiatzen zuten gazte gogaikarrien uholdea eten ondoren. Poztekoa da euskarak lortuko duen estatus berria Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu ostean. Gobernuaren borondatearen kontra, Paul Molac diputatu bretainiarrak sustatutako araua aurrera atera da eta berehala promulgatu beharko dute, nahi ala ez. Haatik bidean gelditu den beste lege baten inguruan hitz egin nahiko nuke, eutanasiaren aldekoa, alegia. Edo hobe esanda, proposamena eztabaidatu baino lehen, Michel Houellebecq idazle gatazkatsuak Le Figaro egunkarian argitaratutako zutabea mahaigaineratu nahiko nuke. Gailendu den iritziarekin lerroratuta –ziurrenik arrazoi askoz sakonagoengatik–, agonia gizakiaren bizitzan une bereziki garrantzitsua dela defendatu du. Eutanasia legeztatzen duen zibilizazio batek errespeturako eskubide guztia galtzen duela ere ondorioztatu du, aurrekaririk gabeko haustura antropologikoa dela argudiatuz. Baina bereizgarri duen zinismoaz idatzitako esaldiekin baino sufrimendu moralak bere xarma duela defendatzerakoan konbentzitu nau. Tira, ia konbentzitu nau. Izan ere, erromantizismoa darion adierazpen horrek pairamen orok sorkuntzan duen garrantziaz pentsa-tzera eraman nau. Eta nork uka dezake sufrimendua artearen katalizatzaile nagusienetako bat dela?

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia