Bestetik, bloke bakoitzean eta blokeen arteko lehian aldaketak suertatu dira, horietako batzuk zeharo esanguratsuak. Alderdi sozialistak partez berreskuratu ditu Ciudadanos alderdiak galdutako bozak. Partez diot, ezen botoen zati esanguratsua Espainiako beste alderdi baten posizioa indartzera joan baita. Alabaina, datuak gorabehera, hauteskunde hauetatik ateratzen den alderdi sozialista, diskurtsoan eta elementu sinbolikoetan, are lotuagoa azaltzen da Espainiako alderdiarekin eta urrunago Kataluniako gizartearen zati esanguratsu baten aldarrikapen eta sentiberatasunetik... eta horrek erabat zailtzen du alderdi horren eta gehiengo subiranista osatzen duten alderdien arteko elkarlana.

Bestalde, PP alderdiaren gainbehera esanguratsua da. Egia da, tokian tokiko hauteskundeak eta Estatu mailakoak ez direla gauza bera, baina gainbehera horren da esangura-tsua, ia erabatekoa, non Espainiako PPko buruzagien estrategia, besteak beste, izurriteari aurre egiteko edota Espainiako arazoetan esku hartzeari dagokionez, ukitu dezakeen. Inguruabar horretan, eskuinaren esperantza bilakatzeko asmoz jaio zen Ciudadanos alderdiak beste urrats garrantzitsu bat egin du desagerrarazteko bidean.

Subiranisten artean, ERC gailendu da, baina espero ziren emaitzak ez ditu eskuratu. Oso hurbil dauka Carles Puigdemonten alderdia, zeina ezinbestekoa duen Generalitateko buruzagitza lortzeko. Ez hori bakarrik! Bloke horretan gehien indartu dena CUP alderdia izan baita, eta, alderdi horren estrategia eta ERCk bere zorua zabaltzeko asmoz, badarabilen moderazioa, kontrajarriak dira. Beraz, subiranistek lehen zeukaten gehiengoa indartzea lortu dute... baina gobernatzeko lehen baino zailtasun handiagoak izan di-tzakete, itxi berri den legealdian ikusitakoak ikusi ondoren. Hauteskunde hauen ostean irekitzen den aldi berrian, ikuskizun dago alderdi abertzale nagusiek hegemonia eskuratzeko borroka bigarren plano batean laga-tzeko prest dauden, gizartearen kezkei eta beharrei begira gobernatzeko eta lankidetza gauzatzeko gaitasuna izango duten... Halakorik izan ezean, litekeelako herritarren zati esanguratsu bat nazkatzea, bizkarra erakustea eta behingoan amore ematea.