USKALTZAINDIAREN mendeurrenak balio izan du, ber-tzeak bertze, Akademiak orain arte egindako bideari buruz hausnarketa egiteko eta, batez ere, hemendik aitzinako norabidea atzera begira baino etorkizunera begira diseinatzeko, egungo eta geroko gizartearen beharretara begira, alegia. Bistakoa da premia berrietara egokitzeak etengabeko aldaketak eta hobekuntzak egitea eskatzen duela eta Euskaltzaindiak horri ere ekin dio Euskera agerkari ofizialaren kasuan.

Agerkari honek ere bete du lehen mendeurrena, hain zuzen ere, argitalpena erakundea sortu eta hurrengo urtean, 1920an, jarri zelako abian. Izaera bikoi-tzeko agerkaria izan da hasieratik, bere xedea Akademiaren bi alderdi nagusien berri ematea izan zelako; batetik, gai arruntena, hala nola erakundearen organigrama, euskaltzainen curriculumak, batzar-agiriak, harreman instituzionalak…, eta, bertzetik, euskararen ikerketari buruzko lanena, hitzaldiak, txostenak, iritziak, inkestak eta zenbait ikerketa lan. Bide horretan jarraitu zuen gerra zibilaren garaia arte. Hurrengo hainbat urtetan, ezagunak diren arrazoiengatik, Euskaltzaindiaren bizia hagitz mugatua izan zen eta, gainera, ez zuen baimenik izan agerkaria kaleratzen segitzeko. Azkenik, 1956. urtean argitalpena berrabiaraztea lortu zenean, epe hartako ba-tzar-agiriak eta euskaltzainen hilberri-txostenak plazaratu ziren. Zailtasunak zailtasun, pixkanaka indartzen joan zen, hurrengo hamarkadetan sendotzera iritsi zen arte, bai kudeaketan, bai gero eta ugariago plazaratzen ziren txosten akademikoetan.

Azken urteetako berrikuntzak

garrantzitsuak eta aipatzekoak dira 2009. urteaz geroztik abian jarritako urratsak. Lehenengo berrikuntza nabaria diseinuari dagokio, itxuran berean ikusten baita aldaketa, eta horrekin batera urte bakoi-tzeko argitalpen bikoitza. Izan ere, liburuki bakarrean ematen dira bizitza akademikoaren berriak (batzar-agiriak, albisteak, gutun ofizialak, hitzarmenak, irizpenak, gomendioak, arauak, adierazpen instituzionalak, hilberri-txostenak eta abar; 2016. urteaz geroztik formatu digitalean argitaratzen da) eta bertze liburuki batean ikerketa-artikuluak. Baina itxuratik harago doazen berrikuntzak dira azpimarratzekoak. Horien artean, honako hauek: aldizkariaren oinarrizko ezaugarriak lau hizkuntzatan azalduak (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez), zein webgune (Euskaltzaindia), katalogo (Azkue Biblioteka, Latindex) eta datu-basetan (Inguma, ISOC, ESCI, Dialnet, Linguistic Bibliography) aurki daitekeen aldizkaria, dituen kalitate adierazleak (CIRC-C maila, MIAR: 8.0 -ICDS-) eta Idazketa Kontseiluaren eta Aholku Batzordearen zerrenda zabaleko kide guztien izenak. Aipatzekoak dira, horiez gain, ikerketa-lanek, kaleratu ahal izateko, bete behar dituzten derrigorrezko bi baldintza hauek: bi ebaluatzaile ezkutuk eman beharreko oniritzia lor-tzea eta Akademiaren Hizkuntza Kalitatearen Behatokia (HIZBEA) zerbitzuak egindako zuzenketa linguistikoaren iragazkia onartzea.

Baloratzekoa da, halaber, azken bolada honetan egin den ahalegina agerkaria gaur egungo gizartearen beharretara egokitze bidean. Alde batetik, zenbaki guztiak digitalizatu dira PDF formatuan jaitsi ahal izateko, bai eta artikulu solteak ere; gainera, artikuluei laburpen-oharrak gehitu ez ezik, bilatzaile bizkorra ere jarri da. Kopuruari dagokionez, bizitza akademikoaren item-ak 5.000 ingurura iristen dira eta artikulu akademikoenak 2.000 ingurura. Bertze aldetik, 2009. urteaz geroztiko artikuluak indexatuta (homologatuta) daude.

Argitaratu berri dira 2019. urteari dagozkion bi liburukiak. Bata (2019, 64, 1, 1-246. or.), Euskaltzaindiaren bizitza akademikoaren berri ematen duena, formatu digitalean, zeinetan ikusten ahal diren urtean zehar izandako bi euskaltzain berriren sarrera-hitzaldiak, batzar-agiriak, onartutako arauak, toponimo ba-tzuei buruzko txostenak, adierazpen bat, hitzarmen bat, berriak, omenaldiak eta hilberriak. Bertzea (2019, 64, 2, 1, 247-922. or.), ikerketa lanak dakartzana, formatu digitalean eta paperean. Aztertutako gaiak dialektologia, toponimia, exonomastika, gramatika, literatura, testu zahar, diglosia eta euskara batuaren alorretakoak dira. Parte hartu duten hamahiru ikertzaileen artetik hiru euskaltzain oso dira, bi urgazle eta gainerako zor-tziak Akademiaren organigramatik kanpokoak. Azken datu hori ere Euskera agerkariaren bertze berezitasun baten seinale da, alegia, euskararen inguruko ikerketa gaietan mugitzen eta murgiltzen diren guztientzat irekia dagoen plataforma bat dela Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala. Era berean, www.euskaltzaindia.eus webgunearen helbidearen bidez, askotariko ekarpenak, artikuluak zein bestelako lanak ere aurkezteko eta argitaratzeko erraztasunak ematen dira erakundearen webgune berrian.

* Euskaltzain emeritua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria