Gaur, goizean goiz deitu diot aitari telefonoz eta esan diot, ostiralean erregeaz komentatu genuenaren gainean, sekulako iskanbila sortu dela. Espainiar asko eta asko borborka (eta ez Borboika) jarri direla. Ikustearen eta egitearen artean dagoen aldea salatuz: espainiarrak ez dutela lanean ikusten dituen errege bat gura, baizik eta beraiek bezala lana egingo duena, beraien esperientzia bera izango duena... Eta salaketa hauei aurre egiteko, Espainiako erregeak esan duela, esperientzia horien bila, bi bidaia egingo dituela Euskal Herrira: bata, Ordiziara, gazta bere eskuekin egiten ikastera; eta, bestea, Ondarroara, baxurako itsasontzi batean sartu eta arrain kanpaina bat egitera. Gaineratu diot aitari, Euskal Herrira bezala, erregeak aditzera eman duela beste lurralde batzuetara ere egingo dituela bidaiak, herritarren esperientzietan bustitzera.

Aita, hariaz bestaldean, isilik geratu da segundo luze batez. Gero, barre algara handi baten ostean, zera esanez eskegi dit:

Gaur dena sinistu daiteke, baina edozer ez.