Erredakzio-mahaia

Udako sugea

18.10.2020 | 01:26
Udako sugea

Abuztuan hedabide baten lan egiteak albisteak harripean bilatu behar izatea suposatzen du. Politikariak plisti-plasta hondartzetan eta badirudi gaurkotasuna eten egiten dela. Testuinguru horretan sortzen dira, sektorearen jargoian, "udako suge" izena daramaten berri harrigarri edo hutsalak. Aurtengo narrastia okupazioaren sekulako hazkundea izan da. Eskuineko alderdi eta komunikabideek gogaikarria izaterainoko matraka eman dute kontuarekin, baina, aste honetan, Sanchezen Gobernuak PPko diputatuei emandako erantzunarekin datu argigarri batzuk ezagutarazi dira. Estatuan %5a igo da okupazioa lehen seihilekoan –EAEn %2,7 jaitsi da–; izan ere, aurreko urtean 7.093 salaketa jarri baziren aurten 7.450 erregistratu dira. Alabaina, okupazio fenomenoaren mantsotzea gerta-tzen ari da, 2018tik 2019ra %19,7ko igoera eman baitzen, 12.214tik 14.621era igaroz. Aurtengoa baino askoz nabarmenagoa. Beraz, pitin bat kezkagarriagoak diren aferak ditugun 2020 honetan alarma soziala sorrarazitakoa dela dirudi. Eta, garrantzitsua dena ezkutatzeko ariketa horretan, deigarria da etengabe eman den Securitas Direct enpresaren iragarkia, zeinetan okupazioa ekiditeko bigarren etxebizitza duten horiei alarma jarri beharko luketela iradoki-tzen zaien. Zer izaten da lehenago, arrau-tza ala oiloa? Interes politikoek sortutako oinarririk gabeko eztabaida edo beldurraren kontura etekina atera nahi duten enpresen agerraldia?

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia