IKTADURAKO argi-ilunak ilunagoak dira argiak baino. Nire amamak gutxitan hitz egiten zuen aro horretaz (aititea fusilatua izan zen), dena bekatuzko trantzea balitz bezala, behinolako mamuek itoko balute bezala. Eta amak beldurraren isla izaten zuen aurpegian horri buruz ahoa zabaldu orduko. Gerraren denboran egindako izurrikeriak estalirik izan dira urteetan, eta bada garaia egia osoak argia ikus dezan. Memoria Historikoaren Legea izenekoak horixe lortu nahi du, gerra zibilaren eta diktaduraren sasoi krudeletan arrazoi politiko, ideologiko edo erlijiosoengatik edozein indarkeria mota pairatu zutenen aldeko ordain morala ezartzea.

Modu batean edo bestean, dugun balizko demokraziak garai frankistaren bidegabekeriak jasan zituzten biztanleak ondratu beharko ditu. Bidea luzea eta nekosoa da, eskumako betiko alderdi politikoek ez baitute kontu horiekin iraganera bueltatu, hura guztia ahaztearekin nahikoa balitz bezala.

Baina horren aldeko urratsak txikiak diren arren, sendoak eta minaren aringarriak ere badira. Zuek, nik bezala, irakurrita izango duzue, duela gutxi Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatua izan den Donamariako Legarreako Leizearen inguruko istorio lazgarria. 1936ko kolpe militarraren ondoren, zulo ilun batera Juana Josefa Goñi Sagardia (38 urte) eta haren sei seme-alabak bota zituzten. Krimena ez zegoen baieztaturik, baina inguru osoko biztanleek aditua zuten. Hilketa lotsagarri eta izugarri hura urteetan izan da gordea bertakoen memoriaren zoko tristeenean. Duela urte batzuk gorpuzkinak ateratzea lortu zuten, eta modu horretan, kontakizun ikaragarrizkoa baieztaturik lotu zen.

Toki hori memoria transmititu eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzeko sinbolo bilakatu da orain. Duela gutxi, pertsona horiek guztiak omenduak izan dira, eta hilketa gogora ekartzeko ekitaldi bat egin da, eta oroigarri bat inauguratu dute han.

Ia laurogei urteren buruan biktima inozoak duintasuna eta justizia erreklamatzen ari dira lurpetik, eta haiekin batera oso urte gogorrak bizi izan dituzten familiak ere.