IEREZI duguna dugulako gaude gauden tokian eskala sozialean. Printzipio hori, ez zegoen erabat erroturik jatorri katolikoko gizarteetan, baina protestantismoak kolonizatu gintuenetik, hitz egiteko modu bat da, gero eta zabalduago dago gure gizartean. Ni irakaslea naiz merezi dudalako, Iñigo Urkullu, EAEko lehendakaria, merezi duelako dago dagoen tokian, Eduardo Zufiaurre Confebaskeko presidentea, merezi duelako da bertako buru; eta, jakina, merezi duelako ari da atariak garbitzen bi umedun andre dibortziatua. Merituak egin ditugulako gaude gauden tokian. Oso protestantea da, oso AEBtarra. Baina ez da egia, ez naiz merituen kontra ari, gauzak lortzeko beharrezkoa da ahalegina, baizik eta goian ala behean egotea merituen ondorio dela ulertzeak estaltzen duen gezurraz.

Pandemiak ederki erakutsi du goian dauden politikariek, beharbada, merituren bat egingo zutela hor egoteko, partidu bateko partaide izatea meritutzat hartu beharko genuke, baina meritu horiek elbarri suertatu zaizkie salbuespeneko egoeraren aurrean. Niri ere bururatuko zitzaidan Zufiaurreren errezeta krisitik ateratzeko, soldatak jaitsi, agerikoena da mantra neoliberalean, baina garai hauek irudimen gehiago eskatzen dute. Niri eta guzti ere bururatuko zitzaidan Tapiaren sistema produktiboaren aldaketa bultzatzeko (?) errezeta: langileen soldata jaitsi eta formazioan erabiltzea, baina zertxobait gehixeago espero dut urtean 95.000 € inguru kobratzen duen norbaitengatik, areago merituengatik lortu badu duen tokia, zer merituengatik lortu du, ez?

Frogatua dago gizartearen eliteetan jaio direnak ehuneko handiagoa dutela bertan jarraitu eta gora egiteko, hala nola frogatua dagoen behekoek, aldiz, behean jarraitzeko aukera handiak dituztela, eta gora egiteko, aldiz, murriztu egiten zaiela ehunekoa. Ez hori bakarrik, beheko klaseko jendeak heziketa eskaxa eta bizi baldintza txarrengatik (elikagai falta, etxe-inguru itoa eta abar) emai-tza baxuagoak ematen ditu adimen testetan.

Meritudun harroek, gainera, goitik behera begiratzen dituzte meritugabeak (ustez), hoberenera, ikasletzat dituzte, txarrenera, AEBtako ingelesean erabiltzen den iraina da, "loser"-etzat. Hots, galtzailetzat.