REBA beti da borroka. Greba batek beti bermatu nahi du aldarrikapenezko ongizatea. Aste honetan, Euskal Herrian hasi berria den ikasturte anormal honetako lehen greba egin dute irakasleok, beti ere lan baldintzak ontzeko eskatzeaz gain, hezkuntzan murgildurik dagoen haur eta gazte kolektibo handiaren babesa aldarrikatzeko ere, pandemiak ezarritako egoera ez baita nolanahikoa izaten ari.

Politikarien ahotan kontrako iritziak entzun ditugu, baina onartu behar da bertoko langileok lan handia egiten dutela hezkuntza eta heziketaren alde, eta orain, sasoi ulertezin honen aurrean segurtasuna eskatu eta exijitu behar da. Hori baino ez. Horretarako makina bat aditu daude esparru zehatzetan bestelako parametroak eman di-tzaketenak itzulera segurua eta adostua izan dadin.

Zenbakien dantza ohikoa izaten da greba egun hauetan, eta erabateko geldialdia (aspalditik ez da horrelakorik gertatzen birus madarikatu batek erasotzen ez badigu berriz konfinamentu pasiboarekin) agitu ez bazen ere, gehiengo batek greba egin zuen osasuna eta kalitatezko hezkuntzarekin benetako ardura eskatzeko, eta beste norabide estruktural bat hartzeko. Izan ere, irakasleei beharrezko baliabide guztiak luzatu zaizkie? Balizko informazioa eta estrategiak ondu dizkiete? Eta egoera okerragotuz gero, zer gertatuko litzateke?

Birus deabruak lanean segitzen du, eta laster batean eskoletan ere sartuko da. Beno, sarturik dago. Nafarroako makina bat eskolatan positiboak antzeman dira, eta horren ondorioz mila bostehun ikasle inguru daude etxean irten ezinik. Eta berdin gertatzen ari da Ipar Euskal Herriko, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko zentroetan.

Egoera benetan larria eta ezohikoa dela adierazteko hainbat gurasok eta irakaslek bestelako ekimenak ere burutu dituzte egunotan. Bilboko Atxuri auzoko eskola publikoko haurrak ikastetxetik kale erdira atera ziren jatordua egiteko, jantokiko segurtasun bermerik ez baitago. Denetarako baliabide urriak luzatu baitira.

Interesdun guztientzat segurtasun osoa eskatzeko garaia da. Garai berriei, konponbide berriak.