Erredakzio-mahaia

Argitaletxeen erronka

26.07.2020 | 00:27
Argitaletxeen erronka

Hasten dudana bukatzeko joera dudan arren gai naiz liburu bat erdizka uzteko. Hain da zabala nire zain dagoen eleberrien katalogoa, non ez nagoela prest liluratuko ez nauten istorioetan murgiltzeko. Alabaina, nobedadeen erakusmahaiko errotazioak beharrizanak sortzen dizkit etengabe. Konfinamenduak irakurtzeke nituen tituluekin egunean jartzeko aukera eman dit, inguruan ere irakurzaletasuna handitu dela konprobatu dudan bitartean. Ez da pertzepzio kontua bakarrik. eLiburutegiak, esaterako, bere maileguak hirukoiztu ditu lehen sehilekoan. Gauzak horrela, argitaletxeek krisia sahiestea lortuko zutela uste nuen, baina berriki industriak krisialdi are sakonagoa bizi duelaz jabetu naiz. Estimatzen dudan Madrilgo editorial batek hurrengo hilabeteetan ezer kaleratuko ez duela iragarri du, hausnarketa sakon baten murgiltzeko premia azaleratuz. Liburu-dendetara heltzen diren hiru aleetatik bat itzuli egiten dela argudiatzen dute, "hipertrofia produktibistak" liburuen iragankotasuna eragiten duela salatuz. Horregatik, eteteko beharra kanporatu dute, ekoizpenaren irizpide ekologikoen, errotazio fluxu zen-tzudunagoen edota on line plataformen praktiken kontrako konpromisoaren izenean. Erronka ez da makala. Zenbat eta titulu gutxiago argitaratu, autore eta gai berrien aldeko apustua islatzeko zailtasun gehiago. Posiblea da oharkabean igarotzen diren liburuen publikazioa ekiditea eskaintzaren aniztasuna suntsitu gabe?

aaraluzea@deia.eus