Erredakzio-mahaia

Irakurzaletasunari gorazarre

26.04.2020 | 00:22
Irakurzaletasunari gorazarre

egun amak nahiago ditu best seller-ak; nik, ordea, "pentsatzeko liburuak", berak definituko lituzkeen bezala. Ez dugu liburutegirik partekatzen. Baina mundua begiratzeko modua aldatu dizkidaten paragrafo eta autoreak aurkitzeko bidean bere eskutik eman nituen lehen pausoak. Eta aitak ere zer esana izan zuen, nire ohearen magalean lo hartu aurretik ipuin laburrak kontatzen gogoratzen baitut. Ordutik, paperezko gotorleku diren izkribuetan aurkitu dut aterpea edozein oinazeri aurre egiteko. Batzuetan, gose biziz irakurri dut, bizpahiru ale astero; besteetan, hitzak dastatuz, esaldi eta aipu laburrak baino ez. Zirrara beti izan da berbera. Letren artean murgilduta baino lotura handiagorik ez dut inoiz sentitu gizateriarekin. Eta oraindik zalantzaren bat banuen, konfinatuta berretsi dut Netflix gabe bizi naitekeela; irakurri gabe, ez. Gaur tropelean irtengo dira kalera milaka ume ordu betez kilometro bateko eremuan, etxe barruko atxiloketa ozta-ozta arintzeko. Bitartean haien kosmosa lau hormaren artean eraikitzen jarraitu beharko dute, jakin-mina garatuz, irudimenak eskaintzen dizkien agertokiez baliatuz. Horregatik, gurasoek egunotan eskaini diezaieketen altxorrik handiena horizonteak hausteko baliagarria den irakurzaletasuna da. Nora joan ez dutenean bidaiatzeko aukera ematen baldin badiete fantasiazko istorioekin, bakardadea aukeratzen ez dutenean hurkoa gertu sentitzeko gaitasuna izango dute eleberri unibertsalen makuluarekin.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia