Erredakzio-mahaia

Ziurtasunak

29.03.2020 | 00:23
Ziurtasunak

Pulpitu honetatik lau haizetara zabaldu nuen duela hiru aste oso kezkatuta nengoela koronabirusarekin, martxa honetara Aste Santuko oporrak bertan behera utzi beharko nituelako. Orain badakizue non emango ditudan bakantzetako egunak: ohetik sofara hozkailutik pasa ostean. Ezjakintasuna ausarta dela aitortu behar dut orain, fribolizatzen jarraitzen dutenek inbidia sortzen hasi zaizkidan bitartean. Nire zaurgarritasunaren islada itzuli didaten ispiluak izan ditut bizikide aste honetan, ezhoikoa izategatik irreala dirudien egoeran. Azaleratzea somatizatzea baino hobe dela esaten dute. Eta ados nago. Horregatik, triste egoteko eskubidea dugula aldarrikatzen dut, baita antsietatea eta beldurra sentitzeko, lehoi kartzelaratuak bezala sentitzen garelako askatasuna kendu digutenetik eta aurreikusten ditugun kalte ekonomikoek etorkizuneko egitasmoak kolokan jarri dizkigutelako. Ez da erraza erosotasunean oinarritutako gure zibilizazioaren zimenduek ahuldu egin gaituztela egiaztatzea. Harrokeria apaltzeko ariketak erresilientzia martxan jartzea suposa-tzen du, eta, ziurtasunen araberako bizitzak eraiki ditugula ametitzea. Ziurra da bihar astelehena izango dela, baita lehenago edo beranduago txakolinarekin topa egingo dugula Martzana kaian edota eguzkiak gure zilborra berotuko duela Lagan. Baina ezer ez da normaltasunera bueltatuko, ez behintzat orain arte ezagutzen genuen normaltasunera. Eta hori ere ziurra dela onartzea beharrezkoa da aurrera egiteko.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia