ASKE gara Gabonak ospatzeko ala ez, bai eta egun horietan beste zerbait ospatzeko ere, baina Gabonak ospatu nahi izanez gero, nahitaezkoa dugu dagokien esanahia aintzat hartzea eta hala errespetatzea. Horrenbestez, azken aldian hedatzen ari den moda, hots, Gabon ohiturak kristautasun-izaerarik gabe ospatu nahi izatearena, ulertezina ez ezik, barregarri ere geratzen da. Konparazio baterako, zelan abestu daitezke Gabon kantak kristautasun-izaera ezabatuta? Nola ulertu bilantzikoak Jesus umea, Josef eta Mariarik gabe? Bada, Gabon ohituretan ez dago tokirik laikotasunerako eta sekularizaziorako. Eta erlijioarekiko errespetu falta ere bada Gabon ohiturak manipulatu edo eskuztatu nahi izatea. Halaber, erlijio-aniztasuna ez litzateke aitzakia moduan jarri behar horrela jarduteko; eta, are gutxiago, erlijioa esparru publikoetatik baztertu behar delako uste okerra. Izan ere, hala dihardutenek ahaztu egiten dute erlijio-askatasuna oinarrizko eskubidea dela, eta askatasun horrek bere baitara biltzen dituela, besteak beste, nork bere erlijio-sinesmenak askatasunez agertzea eta jendaurreko agerraldiak egitea. Ildo horretatik, gogorarazi behar da botere publikoek erlijio-askatasunerako eskubidea bermatzeko betebeharra ere badutela. Zinez, gaur egun, inoiz baino premiazkoa da erlijio-kultura desberdinak ezagutzea. Azken buruan, pentsamendu humanistaren agerpen dira. Hain zuzen, erlijio-kulturak behar bezala ez ezagutzeak, halakoen benetako izatetik urruntzeak, historian zehar kalte handiak eragin ditu. Halatan, erlijioaren izenean, ezjakintasuna oinarri, sarri gauzatu dira gehiegikeriak, erlijioen benetako izatearen aurka jardunez. Nolanahi ere, honako hau da bitxiena: erlijioen gaineko ezagutza oro baztertzen badugu, nola izango gara gai horiei buruz iritzia emateko? Nola liteke jakituriaren gizarteaz mintzatzea eta, aldi berean, erlijioen gaineko jakintza baztertzea, zokoratzea? Nola da posible erlijioak behar bezala ulertzeko inoiz baino ikasketa-aukera eta jakituria gehiago ditugunean, horien berri izateari uko egitea? Hori guztiori dela eta, ez dirudi gizarte plural eta demokratiko baten araberakoa denik kristautasuna ezabatu nahi izatea. Benetan aske izateko, aukera guztiak izan behar dira eskuragarri.
Baina badago gehiago esaterik ere. Kristautasuna gure herri-nortasunari estu lotzen zaio, gure historia kristautasunik gabe ulertezina izateraino. Kristautasunak berarekin dakar iraganaren eta etorkizunaren arteko inflexio-puntua. Asko dira uste dutenak kristautasunak xede duela aurreko pentsaera guztiak ezabatzea. Esaterako, horien arabera, Gabonetako ospakizunek, Jesusen umearen jaiotzarekin, helburu izango lukete iraganeko pentsaera edo ohitura paganoak ordeztea. Agian, horregatik hasi dira orain batzuk neguko solstizioa ospatzen. Gainera, hala egin nahi dutenek horretarako eskubide guztia dute. Alabaina, baliteke halako usteek erdia bada ere ustel izatea, eta kristautasunak iraganeko pentsamendu eta ohitura horiek osatu eta hobetzea. Euskal mitologiari erreparatuko diogu hori azaltzeko. Bada, esan bide da Anbotoko Mariren leizera sartu eta berau bertan aurkituz gero, leizetik onik irteteko, Mariri begira-begira, atzeraka ibiliaz atera behar dela. Horrek esan nahi du iraganari ez diogula bizkarrik eman behar, eta iragana oinarri izanik etorkizunerantz abiatu behar garela. Horrela uztartu izan dira gurean iraganeko pentsamenduak eta Kristautasuna, elkar aberastuz, hobe beharrez beti. Hori berori erakusten digu Olentzarok ere. Pierre Lafitten Eguberri-aroa euskaldunen ohituretan lanean jasotakoari helduz, Olen frantseseko Noel-etik edo Naeletik sortu da, eta Nael latineko Natalis-etik. Hitz hori Lapurditik sartu eta, Irunetik, Gipuzkoa osora zabaldu ei zen, eta, gerora, Euskal Herri osora. Natalis Jesus jaio zen eguna da. Hartara, Olen, Jesus edo Kixmi jaio zenean, aro berria hasi zen. Hortik, bada, Olenen aroa edo Olentzaro. Jatorri horretatik, herriaren irudimenak Olentzaroaren istorioa asmatu zuen, alegia, Aralarren bizi izan zen azken jentilarena, eta, Gabon kantak dioen bezala, Kixmiren jaiotza iragartzen hasi zenarena. Hasian hasi, gero asmatu zen Olentzaroaren bestelako egitekoa, Errege Magoek bezala, opariak ekartzearena.
Gabonetan aro berriaz hitz egiten da kristautasunak berarekin dakarren aldaketa nabarmena delako. Batik bat Mateoren eta Markoren ebanjelioek eratortzen dutenez, lagun hurkoa norberaren burua bezalaxe maitatzea da Jainkoa maitatzeko bide bakarra. Hain justu, berri on hori ematera dator Jesus, Jainko umea, inoiz izan den iraultzailerik handiena. Gaizkia gailendu eta ongia nagusitzera dator. Labur esanda, ordura arteko erre-opari, sakrifizio, gurtze eta itxurakeria guztiak albo batera utzi eta gizakiaren berezko balioari, duintasunari, ematen dio garrantzia. Behin elkar maitatzeko agindu berri hori emanda, kristautasunari datxekio beharrizan-egoeran dagoenari laguntzeko betebeharra. Egia esan, ezin uka daiteke gizarte-babesaren oinarrian kristautasunak duen garrantzia, ongintzan hasi eta egungo gizarte-laguntza eta Gizarte Seguran-tzaraino. Bada, euskaraz badugu berba jator bat hori guztiori argiro erakusten duena, baina, zoritxarrez, gero eta gutxiago erabiltzen dena: hartu-emana. Hitz horren ordez, harreman hitza hedatu da, gehienbat, euskara batuan. Baina azken horrek ez du agertzen hartu-eman berbaren norainokoa: hartzeko, lehendabizi, ematen jakin beharra dago. Olentzaroetan edo Errege Magoetan, elkarri opariak egiten diogunean, elkarrekiko maitasun hori agertzen da, ohitura eta ikur moduan. Horrezaz landa, gizarteak badu betebeharra, gaur ez duenari laguntza emateko, kontuan hartuz gaur laguntza ematen duenak bihar etzi izan dezakeela laguntza jasotzeko premia.
Gogoan dut umetan, Gabon egunez, iluntze-aldera nola ibiltzen ginen etxerik etxe, ate joka eta galdezka: kanta ala erreza? Ohituraren arabera, etxekoek kantatzeko esaten ziguten gehienetan. Eta orduan, aurreko asteetan ilusioz prestatutako Gabon kantaren bat edo beste abesten genuen. Baina etxekoen artean ezbeharren bat izan bazen, edo etxekoren bat gaixo egonez gero, errezatzeko, otoiz egiteko, eskatzen ziguten. Halakoetan, guk aita gure bat edo agur mari bat errezatzen genuen. Kantatu zein errezatu, ogerleko nahiz gozo batzuk ematen zizkiguten. Hogeita hamar urte inguru igaro dira ordutik, eta umeek ohitura berari eusten diote oraindik.
Duda-mudarik gabe, gaurko umeek, gu ume ginenean bezala, ez dakite Gabon ohitura horren esanahia. Gaurko umeek, guk egin an-tzera, jasotako dirua eta gozoak eurentzat hartzen dituzte. Diruak, patrikak erreko balie bezala-edo, albait arinen xahutuko dituzte litxarrerietan nahiz petardo edo bengaletan. Seguru asko, gaur egungo umeei, nagusi askori bezala, berdin zaie Halloween, Black Friday, dena-delakoa edo Gabonak ospatzea. Eta bakoitzak ospa dezala nahi duena. Baina Gabon ohiturak ospatu nahi baditugu, ospa ditzagula euren esanahiarekin bat etorriz.
Jakina denez, abendua edo gabonila urteko azken hilabetea da. Izen horiek esanahi berezia dute, alegia, Gabonak prestatzeko sasoia. Gabon aurreko lau igandetan, kandela bana pizten da. Ikur bat besterik ez da hori ere. Ikur bat, Gabonak datozela gogorarazteko, adi egoteko, prest izateko. Bada, testuinguru horretan, Gabon zikloko kantuak ageri zaizkigu. Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegiaren arabera, halakoak Jesusen jaiotzaren inguruko gaiez diharduten abesti-motak dira. Euskal Herriko Gabon kantuak molde ugari har ditzake: kopla zaharretan nahiz molde txikian edo nagusian emanikoak dira kantuok. Iparraldean, noelak, eta Hegoaldean Eguberri kantu, Gabon kanta edo bilantziko deitu izan dira. Gabon zikloko kantuen artean, lau une bereizten dira: San Nikolas egunekoa, Gabon Gauekoa, Gabon Zaharrekoa eta Erregeetakoa. Egun horietan, asko ziren etxez etxe nahiz auzoz auzo kantu-eskean ibiltzen ziren gazteak. Izan ere, gazteek euren gain hartzen zituzten gizarte-antolaketarako ardura asko. Halakoen artean baita txiroei laguntzekoa ere. Gaur egun, oraindik bere horretan diraute, esaterako, Gernika eta Arratia aldean kanta-tzen diren Marijesiak. Gabon gauera arte, bederatzi egunez, ilundu ondoren, kalerik kale ibiltzen dira kantuan gazte eta ez hain gazte. Bertso abeslari batek abendu eta Gabonetako ospakizunak gogoratuz egindako bertsoei koru batek Maria Jose, Jesus Maria hitzekin hasten den esaldiaz erantzuten dio.
Orain artekoak ikusita, Gabon ohiturekin jarraitu nahi ez duenak, ez dezala jarraitu. Adibidez, Gabon kantak abestu nahi ez dituenak ez ditzala abestu, eta abes dezala beste zerbait, baina arren utzi ohiturak eta betiko kantuak daudenean, hala nahi ditugunon errespetuz.