ANDERE edo jaun agurgarria! Astebete da, euskal ekonomiarentzat ikur izan den eta oraindik ere horrela den Fagor Etxetresnak, hartzekodunen lehiaketan sartu dela ohar bidez jakin arazi zenutenetik. Argibide gutxi eta urriko oharra, baina egoeraren larria argitzeko nahikoa.
Astebete honetan ikusi ditugu langileak kalean manifestari, ikusi ditugu telebistetan, egon dira irratietan. Hitz egin ahal izan dugu kooperatiben mundua ongi ezagutzen duten ikerlari, ekonomialari eta erakundeetako kideekin. Entzun dugu Eusko Jaurlaritzak dirua eman dizuela orain baino lehen, garestiagoa zelako ez ematea ematea baino, Erkoreka bozeramaleak esan zuenez. Entzun dugu gainera Jaurlari-tza, Tapia sailburuaren bidez, eskatuz bideragarritasun plan bat egin dezazuen premiaz, ezin daitekeela Fagor galtzen utzi. Entzun dugu lehendakaria galdetuz Mondragonek, Fagor hiltzen utzi nahi ote duen.
Zer esanik ez kooperatiba ereduaz aipatu direnak zalantza eta kezka sortu dutela. Eredua zalantza ote dagoen edo ez dagoen. Ez dagoela esan dutenek eta indarrean dagoela esan dutenek kontrakoa esan dutenek besteko informazioa ote zuten zalantza daukat. Uste dut gehiago izan dela nahia. Eta nahi horretan sentitu dut herri honek benetako ardura duela gertatzen ari denarekin, maite duela, urte luzez mundura zabaldu duen eredua, neurri batean bere sentitzen duela, geure sentitzen dugula. Baina hau guztia da batzuk besteak harilkatu dugun istorioa. Andere edo jaun agurgarri hori, pentsatzen dut, zalantzarik ez dut egoera hau kudeatzeko zaila dela, ura lepotik gora duzuela eta agian adierazpenak ematera irten baino lehenagoko lanak badituzuela pentsatuko zenutela. Nik, ordea, astebete pasata hutsune hori nabaritzen jarraitzen dut. Kudeatzaile nagusien ahotsa entzun nahi dut. Ez komunikabide honetan edo hartan. Agerraldi bat nahiko nuke zer gertatu den, zer gertatzen ari den eta etorkizuna, zuek nola ikusten duzuen jakiteko. Uste dut azalpen ulergarri bat pertsona egokiak emana, guztiok eskertuko genukeela.