Aste honetan azaldu den albiste bat hartu nahi dut oinarri, odolaren pisua zer den gomutan izateko beti. Antza denez, Eñaut Zubikarai, Errealak aske laga eta gero, Hércules futbol-taldeak jo zuen begiz, han atezain legez fitxatzeko. Horraino dena ondo. Kontua nahasten hasi da, Eñaut Zubikarairen kirol-ezaugarriak epaitu beharrean, edo haren atezain-gaitasunak gogoan izan ordez, haren odolari begiratu diotenean. Izan ere, Eñaut Zubikarairen aita, Kandido Zubikarai Badiola, atxilotuta dago ETAko kidea delakotan. Bada, aurten Eñautek bat egin zuen martxa batekin, Espainiako Eresuman dauden euskal presoak euskal kartzeletara ekartzeko.

Esaten denez, kartzela-zigorraren helburu nagusietako bat da presoak, behin zigorra beteta, bergizarteratzea.

Hala diote. Betiere, Eñaut Zubikaraik, seme batek bere aitari zor dion maitasunagatik, bere aita etxetik hurrean izateko egindako eskariagatik, ezin izango du jokatu Hércules futbol-taldean. Ederra atarramentua!

Edozein senitartekok eskubidea du (derrigorra, esango nuke nik) bere familiako kideetarik ahalik hurren egoteko. Nik arbuiatu egiten dut ETAren jarrera, baina ETAko kideak direnen senitartekoek pairatu behar ote dute haien bekatuen zama?

Ez dut uste. Nik dakidala, delituak norbanakoek egiten dituzte (barkatu, orain erakundeek ere egin dezakete delitua), baina delitugileen senitartekoek ez dute zertan ordaindu eurek egin ez dutena.

Hogeita batgarren gizaldian bizi gara egutegiz, pentsamoldez, ostera, Hamurabiren sasoian bizi garela sinetsi behar dugu. Pertsona batek egiten dituen ekintzak haren ondorengoek eta aldamenekoek jasan behar badituzte, ez du ematen asko aurreratu garenik.

Aita ona izanagatik, semeak ez du zertan berdina izan, eta alderantziz. Bestela baitakoan bada ere, sarritan joera dugu pertsona bat epaitzeko haren aurrekoek egindako ekintzengatik, bai batera, bai bestera.

Pertsona orok dauka eskubidea berak egiten duenagatik epaitua izateko. Badakit hau ilusio hutsa izan daitekeela, baina hori merezi dugu pertsona guztiok, bai onerako, bai txarrerako.

Bada, Eñaut Zubikaraik, itxuraz, ezin izango du jokatu Miranda Ebrotik behera (modu metaforikoan ulertuta). Garbi dago, Hércules futbol-taldearen jarrera ez dela pasadizo hutsa izango. Berak atezain legez dituen gaitasun guztiak baztertu egingo dituzte Espainiako futbol-taldeek, haren aitaren curriculumari bakarrik begiratzeko. Hobeto erratuta banago, baina kontu honek ez dauka traza onik. Pertsona baten bizi-egitasmoa estoldan behera jaurtitzen da, haren familiaren inguruabarrengatik. Zorte ona opa diot Eñaut Zubikarairi, eta futbolari legez izan dadila epaitua, bestelako kontuen arabera barik. Hala bedi!