Síguenos en redes sociales:

Joseba Indalezio Zinkunegi Arrutiabertzalea, sendagilea, euskal idazlea, itzultzailea, kristaua

Lana zen haren ustez bizitzaren zutabe garrantzitsuena, baina lanarekin batera gizakiak atsedena eta jolasak ere nahitaezkoak dituela esaten zuen

Joseba Indalezio Zinkunegi Arruti 1912an.

6

Joseba “sendi on” batean jaioa zen. Bere gurasoak Juan Bautista eta Maria Josefa Errezilen jaio, bizi eta hil ziren beraien aurrekoak bezala. Okinak ziren. 1869an ezkondu ziren eta 12 seme alaba izan zituzten. Joseba, bederatzigarrena, 1885-04-29an jaio zen.

Bere gaztaroari buruz ezer gutxi esan dezaket, 1906 urtarrilean, lehenengotako gipuzkoar euskal presoa izan zela, Patrian idatzitako lan baten ondorioz Bilboko Larrinagako espetxean. Berarekin Engrazio Aranzadi, Luis Eleizalde eta Fidel Agirreolea martxoa arte preso izan ziren, 1907an amnistiatu zituzten bitartean.

Valladolideko unibertsitatean egin zituen medikuntza ikasketak, 1911an jaso zuen titulua. Ondoren medikuntzan jardun zuen bizitza osoan. Aian hasi zen 1911 aldera, 1917an Errenterian jarraitu eta 1920tik aurrera Zarautzen 1936ko guda arte. Baina, alderdi horrez gain, beste hainbat aurpegi ere bazituen Josebak, hain zuzen ere euskaltzale amorratua zen, eta ohikoa zen euskal kulturarekin harremana zuen ekitaldietan hura aurkitzea. Lana zen haren ustez bizitzaren zutabe edo gurpil garrantzitsuena, baina lanarekin batera gizakiak atsedena eta jolasak ere nahitaezkoak dituela esaten zuen. Horra hor, Zinkunegiren ustez pertsonen bizitzaren hiru zutabe edo gurpil nagusiak.

Abenda (arraza), garaian sabindarren artean ohizkoa zenez, sutsuki defendatzen zuten “euskal arrazaren” iraunaren beharra. Abertzale, dakigunez beti EAJn militatu zuen. Alderdia bitan zatituta egon zenean, Aberri eta Comunion, bera Aberriren aldeko sutsua eta buruetakoa izan zen, 1930ean alderdia berbildu zen artean.

Zarauzko Euskal Jaien sortzaileen artean aurkituko dugu. Mauricio Flores Kaperotxipi, zarauztar pintoreari lotu zitzaion Zinkunegi 1924ko irailaren 9an euskal usadio eta ohituretan erroturiko Euskal Jaia lehenbizikoz abian jartzeko. Nikolas Mugika pintorea eta Bonifazio Echegaray idazlea ere izan zituzten laguntzaile. Gaur egun jarraitzen du ohitura horrek.

Idazlea eta itzultzailea: Euskaltzale izate horrek berarekin dakar zenbaitentzat idazle lanak egitea ere. Sormen-lanez gain, gehiago arduratu zen itzulpen lanez. Besteak beste, Balmes-en El Criterio-ren itzulpena, Irizpidea izenburuarekin argitaratu zuena. Lan honen arrazoia honela ematen du berak: “Behin, Valladoliden, euskaraz ez zekien ‘euzkotar’ adiskide batekin pasio bat ematen, honela dio: Ari ta ari nardaberaki esan zidan, euskera berak ere ikasiko zuala, baña Kimiztia ta Osakiztia ta beste orrelako yakidi-idaztiak euskeraz idatziko ziranean. Aterakeri ark min eman zidan… Eta min ura izan zan orain bukatu dedan lan onen yatorria”.

Hiztegigilea, euskaltzain urgazlea eta hizlaria: Aipatu berri dugun helburu hori lortu nahian, hiztegigintzari ere heldu zion. Bestalde, 1918an euskaltzain urgazle izendatua izan zen, Euskaltzaindia sortzearekin batera. Idazteko ez ezik hitz egiteko ere erraztasun handia zeukan. Eta honen testigu bezala, guda aurreko hiru hitzaldiren berri dugu, Eusko-Abenda, Kirolak ongile ala kaltegarri? eta Lana, atsedena ta jolasak, 1919an eta 1925ean Donostian eta Arrasaten 1928an esanak. Guda ondoren Iparraldean ere eman ohi zituen hitzaldiak.

Eta guzti hau honetaz gain, kristaua: Bizi guztian egin zuena kristautasunari lotuta aurkitzen da bere lan eta bizitzan.

GUDA

1936an guda hasieran, herrien defentsarako Junta de Defensak eratu ziren. Hau alderdiek aukeratutako pertsonek osatzen zuten eta Joseba EAJren ordezkari eta Juntako lehendakaria izendatua izan zen. 1948an Zarauzko alkateak Colegio de Médicos delakoarentzako egindako txostenaren bidez dugu horren berri. Bertan dionez beti saiatu zela atxilotutakoak ez jipoituak izaten eta beren eskubideak ahalik eta gehien errespetarazten, nahiz eta horretarako komiteko beste kide batzuekin “borrokan” ibili askotan.

Frankotarrak Zarautzen sartzean, Bilbora egin zuen sendi guztiarekin, bigarren semea, Gotzon, izan ezik, hau gudari joana zenez. Frankistek, Zarautzen zituen etxebizitza, mediko kontsulta eta tresna guztiak bahitu zizkieten eta enkante publikoan salduak izan ziren. Haien artean Zarautzen garaian zegoen X-izpiko tresna bakarra ere. Hau Ignacio Arocena mediku frankotarrak bereganatu zuen eta ez zion itzuli Josebari, bera Zarautzera itzuli ondoren ere.

Ondoren Bilbon, Euzko Irakastola Nagusiaren ekintzaile eta bertako irakasle ere izan zen, Sendakintz-euzkera katedratikoa izendatu zuten Sendakintz Ikastola sortu zenean, honek denbora gutxi iraun zuen, 1937ko urtarrilean hasi eta handik 5 hilabetera amaitu zen, Bilbo frankisten menpean erori zenean.

Apirilean Joseba Guda Gexozain-Artezkaritzak Tribunal Médico Militareko kide izendatu zuen.

1937 maiatzaren 6an Habana itsasontzian, sendi osoa, Gotzon izan ezik, itsasoratu zen; lehenik Arroxelara eraman zituzten, baina handik segidan Iparraldera, Biarnoko Lurbe-Saint-Christaun, Refuge basquera joan ziren.

Han zirela deia jaso zuen Josebak, Frantziako gobernuak 32.000 euskal-errefuxiatu ber-herriratu zituen Katalunia aldera eta haientzako harrera-zentroak zabaldu zituzten, bat Hospital Euzkadi zen eta haren zuzendaritza eta antolaketa Josebari esleitu zieten. Harantz abiatu zen sendia Saint-Christaun utzita. 1937ko azaroaren 15ean ospitaleko lanak askartu ziren.

Bartzelona frankisten menpe erortzear zela 1938an, berriro Iparraldera itzuli eta Gursen prestatzen ari ziren iheslarien-esparrutik pasata, sendiarekin berbildu zen Lurbe-Saint-Christaun, bertako ospitalean zuzendari izendatu zutenean. Laster hemendik Sarara joan ziren, Kanbon, tuberkulosia zuten gaixoak zaintzeko, Euskal Gobernuak prestatutako Osasuna sendategian Joseba zuzendari izendatu zutenean.

Bi semeren heriotza

Orduan ere bizitzak beste atsekabeak eman behar zizkieten, 1939-03-03an Markelin, seme zaharrena, 21 urterekin, biriketako tuberkulosia medio, Osasuna sendategian zendu zen.

1941-05-12an bigarren semea, Gotzon, ere zendu zen. Aurrez esan bezala, gudan preso jausi eta Batallón de trabajadores-en jasan zituen 4 urtetako egoeraren ondorioz bertan zendu zen, askatasuna lortu gabe.

Baina Joseba ez zuten bakean utziko, 1941eko urrian frankistek eta Nafarroako Erantzukizun Politikoen Epaitegiak, errepublika garaiko hauteskundeetan alderdi euskaldunen aldeko propaganda egiteagatik, 50 pezetako isuna jarri zion.

1943an emaztea eta lau seme-alaba gazteenak Zarautzera itzuli ziren, Joseba eta Andonik, orduan seme zaharrena, erbestean jarraitu zuten.

Geroztik ez zuen medikuntzan jarraitzerik izan. Iparraldean frantsesek eta alemaniarrek ez ziotenez baimenik eman. Gero, Hegoaldean, frankistek ere ez.

Bere lana gehien bat alderdiari eman zion, Iparraldean alderdiko eskuordea izan zen han bizitu zen garaian.

Euskararen aldeko jai edota bileretan parte hartu ohi zuen, antolatzaile edo hizlari bezala ere. 1946an bihotzekoak jota egon zen, honela kontatzen du berak bere lagun Joseba Beristaini Argentinara bidalitako gutun batean:

“Badakizu noski luzaro gaixo egon naizala. Garai batean etsi nun nere ezurrak emen utzi bear nitula ere, egun batez egurasten nijoala nere biotzak naikoa lan egin zidala ta tenk egin zidan ta ni kalearen erdian lurrera. Eskerrak laster damutu zitzaiola ta bat-batean orrela gelditzea ez zegola ondo oldoztuta nunbait poliki poliki asi zan berriro ibiltzen. Ori igazko garagarrilean zan…”

EUSKARA BATUA

Euzko-Gaztedik 1946ko irailean Euzko Ikaskuntza Astea antolatu zuen Baionan, Josebari eskatu zieten hitzaldia ematea. Hau euskaraz hasi zuen baina, erdaraz jarraitu, honela zion:

“En las palabras que acabo de pronunciar en euskera me lamentaba de que al cabo de los cincuenta años de haberse iniciado el movimiento de renacimiento patrio... tengamos aún que recurrir a un idioma opresor para la exposición… de nuestro euskera entre ellos so pena de no ser comprendidos, o de no ser atendidos, por muchos buenos patriotas que aún no conocen debidamente el euskera”.

Hau zen bere kezka handienetakoa: alderdiko burukide guztiek ez jakitea euskara. Hau ez zuen onartu inoiz. Bertan esaten du zein beharrezkoa zen euskara batua, berak gudan Bilbon izandako eskarmentua adierazten die, bere ikasleak denetarikoak zirenez, batzuek gipuzkoarrak, besteak bizkaitarrak, guztiz erosoa zen zerbait garbia egitea denok ulertu zezaten. Euskara batzeko lanak egiten hasi beharra zegoela eta orduko gai honetan jakintsuenak, batzarra egitera deitzen zituen “euskara literario batua” aurrera eramateko.

1947an Aberri Eguna Baionan eratu zen, bere seme Andoni, Luzear, eta haren emazte Amalia eta lagunekin bertan izan zen.

Herrimina! Larrunera igo ohi ziren errefuxiatuak, tontorretik Hegoaldea ikustera, eta ahal izanik, Hegoaldetik senideak ere igotzen ziren hauekin egoteko.

AMNISTIA

1947-01-17an Espainiako gobernuak dekretua atera zuen errefuxiatuek gudan izandako jardueraren arabera “barkamena” jaso zezaketela. Josebak abuztuaren 9an Hendaian Espainiako kontsulatuan aurkeztu zuen gudan berak izandako jardueraren “aitormena”. Bertan honela zion: “Declara haber sido miembro del Tribunal Médico militar que funcionó en Bilbao”. 1948-01-14an jaso zuen barkamena. Jaso eta berehala itzuli zen Zarautzera.

Itzuli ondoren, Colegio de Médicos-ek Zarauzko alkateari Josebari buruzko txostena eskatu zion. Nahiz eta txosten hau guztiz bere aldekoa izan, Colegio-ak, orduan Matia zen bertako zuzendaria, ez zion baimendu. Beraz, 63 urterekin, medikuntzan jarraitzea ezinezkoa izan zuen betirako. Sei hilabetera bere seme Andonik ere, itzuli ahal izan zuen. Hemendik aurrera sendia elkarturik izan zen.

Hemendik aurrerakoak, gehienbat, sendiko gertaerarekin dute zerikusia, lehenengo gertaera urte berean burutu zen, azaroaren 27an Andoni bere semea Josebaren lagun, idazle eta aberkide Luzearren Amale alabarekin, ezkondu zen.

Euskararen alde jarraitu zuen lanean, itzulpenak, hiztegia lantzen etab. Lan batzuek Eusko-Gogoan eta Euzko Deyan 1956-1958 urteetan argitaratuak: Kozko muñoa, Kepa deunaren oilaskoak, besteak beste. Argitaratu gabeak ere, Ibarrola, Luzearrek itzulpena hasi baina heriotza medio ez zuen bukatu eta Josebak jaso zuen haren lana eta baita bukatu ere, hau bi idazle haien elkarlan bakarra izan zen.

1954-1955ean azken atxiloketa gertatu zen. Catalina Albizuk hemen lehenengo ikurrina jarri zuenean, fraideetan, Joxe Zinkunegi eta Ramiro Goñi medikuak eta Joxe Aierdi eraman zituzten. 70 urtetik gorako gizonak! Bistakoa zen halako lanetarako gauza ez zirela, baina eraman zituzten. 1954-1955 inguruan gertatu zen hori.

Bere azkenetako lana: Zigor opera. 1957an ABAOk txapelketa antolatu zuen F. Escuderoren musikarekin opera egiteko, euskal gaia izan behar zuen. Lehenengo saria, 3.000 pezeta jaso zuen Sancho Garcés lanarengatik.

Hemendik aurrera ez dugu bere lan gehiagoren berri, badaude lan batzuk datarik gabekoak, akaso ordukoak izan daitezkeenak. 1964go urtarrilaren 9an Zarauzko etxean hil zen.

Hau da berak egindakoaren laburketa. Hemen ez da lekurik bere lan guztiak zerrendatzeko, beraz berak hitzaldiak bukatzen zituen bezala bukatuko dut: “Esan dut”.

Idazlea: Jonan Zinkunegi Arzelus

1951-02-12an Donostian jaio zen, ‘Luzear’ren biloba. Delineatzaile eta argazkilaria. Idazlea ez izan arren, bere bi aitonen eta amaren jardueraren bildumak landu eta argitaratu ditu.