donostia. Badira egun handiak bizitzan. Horrelakoetan ez da jakiten zergatik, baina giroan zirrara kolektibo bat nabaritzen da. Momentu historikoen epika. Milaka realzalek bizi izan zuten atzo Donostian sentimendu konpartitu hori. Goiz goizetik hasita, jarraitzaile txuri-urdinen festa erraldoia bizi izan baitzen hiriburuko kaleetan. Bertan izan ziren guztiek aho batez zioten bezala, inoiz bizitako festarik handiena bihurtu baitzen atzokoa. Eromenik alaiena. Txuri-urdinena.
"Zer, Realak irabazi egin du, ala?". Turista kanpotar batek, ikusten zuena sinestu ezinda, harrituta begiratzen zien Konstituzio plazan bildutako jarraitzaileei. Sei ordu falta ziren Celtaren aurkako lehia hasteko, baina dagoeneko Donostiako Alde Zaharrean jaun eta jabe ziren Realeko kamiseta zahar eta berriak, bandera txuri-urdinak, ikurrinak eta lepokoak. Eztarriak ere fresko zituzten bertan bildutakoek. "Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, Real!", abesten zuten batzuk. "Hemos venido a despedirnos, de la Segunda División", besteek.
Turista despistatuari erantzuteko prest zegoen Unai Gonzalez donostiarra, 1980ko hamarkadako kamiseta klasiko bat soinean. "Oraindik partida jokatu behar da, baina erraz irabaziko dugu", segurtzat jo zuen, Montpellier-en (Frantzia) bizi den gazteak. "650 kilometro egin ditut hona etortzeko. Kotxean lepokoa jarrita etorri naiz eta ikurrina ere handik ekarri dut. Astelehenean itzuliko naiz", azaldu zuen, Aitor Urbistondo, Jon Ferrer eta Javi Agirrezabala lagunak inguruan zituela. "Parranda latza egingo dugu!", bat zetozen lauak.
Estatistikak maite dituztenentzat, Alde Zaharrean zeuden hamar lagunetik zazpik Realaren ikurren bat zeramaten gainean. Gazte kuadrilak ziren gehienak, baina baziren beren seme-alabak hartuta festan barneratu zirenak ere, Josean eta Igor aita-semeak kasu. "Bokataren bat jango dugu, kalejiran Anoetaraino joango gara eta partida ikusiko dugu", eman zuten familiko planen berri. Amaierako emaitza? "Bi eta huts".
Dudarik ez zeukan zale bakar batek ere: eguna amaitzean, Reala Lehen Mailako taldea izango zen. Joxe Antonio Jauregi eta Maria Jesus Azparren jarraitzaile beteranoek ere hori uste zuten, sentimendu handiz. "Gero partida ikustera joango gara. Negar malkoren bat isuriko dugu gaur", aitortu zuen Joxe Antoniok. Izan ere, 50 urte baino gehiago daramatza zale donostiarrak Realeko bazkide izaten. "Gijonen izan nin- tzen; Puertollanon ez, baina ezkondu berria nintzelako, ez pentsa!", jakinarazi zuen.
Anoeta txiki geratu zen Zalegoak 15:30ean Boulevardean zeukan jarria hitzordua, Anoetaraino kalejiran joateko. Ordurako, bapo bazkaldu eta tragoren bat edo beste edanda zihoazen gehienak. Pixkanaka-pixkanaka, txuri eta urdin koloreko sugeak Donostiako kale guztietara zabaldu zuen burrunba, estadiora bidean. Segizio sutsu horretan zihoan Joserra Mantiñan errenteriarra, peñetako kidez inguratuta. "Realeko olentzero da! Realeko olen- tzero da!", ohiu egiten zuten bere lagunek.
Txapela buruan eta kamiseta soinean, kamioneta txiki baten atzealdean eserita zihoan Joserra. "Cadizen txorkatilan min hartu nuen eta orain horrela nago. Baina herrenka joan behar banaiz ere gaur Anoetan egongo naiz!", desafio egin zuen.
16:00etarako kalejira Anoetara iritsi zen, taldearen atzealdea oraindik Artzain Onaren katedralean zegoen bitartean. Estadioaren inguruak txiki geratu ziren, hain zen izugarria jarraitzaileen emana. Realeko jokalariek bertatik bertara nabaritu zuten zaleen berotasuna, 16:30ean autobusez iritsi zirenean. Ahazten ez den horietakoa izan zen publiko txuri-urdinaren harrera.
Hortik aurrera, eromena futbol-zelaiaren alboko zelaigunera zabaldu zen. "Gora Erreala, Erreala txapeldun" kanta entzuten zen etengabe, klubak jarritako pantaila handiaren inguruan. Jarrai-tzaile txuri-urdinek primerako giroa jarri zuten. Hortik aurrerakoa, jokalarien lana zen. Eta ez zuten huts egin.