Urteko batzar garrantzi-tsuenari ekingo diote gaur Europako Batasuneko arrantza ministroek Bruselan, datorren urterako kuotak ezarriko baitituzte Europako arrantza flotak harrapatzen dituzten hainbat espezierentzat. Bilera berezia izango da, Brexiterako akordiorik ezak zalantza asko sor-tzen dituelako. Ez da ahaztu behar Europako Batasuneko arrantza flotako ontzi askok Erresuma Batuko uretan egiten dutela euren jarduna eta Brusela eta Londresen arteko akordiorik ezean, haien egoera kezkagarria bilaka daiteke. Gauzak horrela, Europako Batasuneko arrantza ministroek, Erresuma Batuarekin partekatutako arrantza-espezieak arrantzatzen dituzten flotaren jarduerari eusteko baldintzei buruz eztabaidatuko dute. Aurreikuspenen arabera, 2021eko lehen hiruhilekoan Europako Batasuneko ontziek 2020rako ezarritako TACen % 25a arrantzatu ahal izango lukete. Nolanahi ere, oso zaila da aurrera-tzea nola geratuko diren datorren urterako arrantza kuotak Erresuma Batuak eta Europako Batasunak akordio bat adosten ez badute urtea amaitu baino lehen.

Azterketa zientifikoen emaitzak aintzat hartuta, Europako Batzordeak hamahiru espezieren kuotak murriztea proposatu die arrantza ministroei, gehienezko errendimendu jasangarria lortzeko asmoz. Hegoaldeko legatzarari dagokionez, Kantauri itsasokoa hain zuzen ere, urteko harrapaketa muga %13 murriztea proposatu du Bruselak. Azken urteetan asko jaitsi da espezie honen kuota eta murrizketa berri honen aurka agertu dira Kantauriko flotako ordezkariak.

Espainiako arrantza ministroak, Luis Planasek iragarri du, hegoaldeko lebatzaren harrapaketa muga bere horretan mantentzea eskatuko duela eta nabarmendu du stock hau aztertzeko erabilitako ebaluazio ereduak baliagarritasuna galdu duela gehienezko errendimendu jasangarriari dagokionez. Espainiako banderapean ari diren ia 90 ontzik urtero 9.000 tona arrain harrapatzen dute Erresuma Batuko uretan, legatza, oilarra eta zapoa batez ere, 27 milioi euroko balioarekin.