BILBO. Bizkaiko enpresei bideratutako aholkularitza zerbitzu berria jarriko du martxan Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko sailak.

"Zalantzaz betetako garaia bizitzen ari gara, eta erronka da enpresen eraldaketa bultzatzea epe luzeko biziraupena bermatzeko. Gaur-gaurkoz, eraldaketa hori digitalizaziotik etorri behar da. Horregatik, hiru zerbitzu berri jarri ditugu martxan. Horiek eskaintzen ari gara jada, eta ekonomia sustatzeko politiken etorkizuneko bidea erakusten digute", azaldu du Ekonomia Sustatzeko diputatuak.

Ainara Basurkok ETE eta startupak animatu ditu zerbitzu berri horietan parte hartzera eta sakontzen jarraitzera, bizitzen ari garen aldaketetara egokitzeko: "3 zerbitzu berri horiek enpresei tresnak eman nahi dizkie lehiakortasunari dagokionez jauzi kualitatibo bat eman ahal izateko. Funtsezko ezaugarria oraingo Covid testuingurua bezalako egoera aldakorretan". Ildo horretatik, diputatuak hiru ideia gako nabarmendu ditu: "Bizi dugun errealitate ekonomikora egokitu behar dira enpresak. Horrek esan nahi du modu errealistan aztertu behar dutela ea dauzkaten negozio ereduek zentzurik izaten jarraitzen duten eta lehiakorrak diren edo, aldiz, merkatu kuota galtzen ari diren. Erakutsi behar diegu digitalizazioak zerumuga berriak irekitzen dituela eta prozeduretan datuak erregistratu ohi dituztela, zeintzuen tratamenduak eta ustiapenak zerbitzu edo produktu berriak definitzea ekar baitezake. Eta berrikuntzarako eskari publikoa landu beharreko merkatua dela, are gehiago europar estrategietako bat denean susperraldi ekonomikoa lortzea berrikuntzaren erosketa publikoa bultzatzearen bitartez.

DATA DIAGNOSTIKO ZERBITZUA

Beazek Bizkaiko ETE eta startupen eskura jartzen du modelizazio matematikoari buruzko aholkularitza zerbitzua, BCAMen (Basque Center for Applied Mathematics) laguntzarekin.

Jada bost enpresa dabiltza programa horretan parte hartzen. Helburua da I+G+b proiektuak areagotzea, datuak prozesatzeari eta kudeaketari buruzko ezagutza aurreratua transferitzearen bidez. Hiru hilabetean zehar laguntza izango dute prozedurak hobetzeko, diseinuak optimizatzeko, konputazio tresna berriak aprobetxatzeko eta zerbitzu edo produktu berriak definitzeko aukerak identifikatzeko.

NEGOZIO EREDUEN BERRIKUNTZA ZERBITZUA

Beazek eta Innobasquek elkarrekin bultzatzen dute Bizkaiko enpresetan negozio ereduen berrikuntzari laguntzeko zerbitzu hori. Helburua da baliabideak ematea lehiakortasuna hobetzeko aukerak identifikatu, sortu eta indartzeko, betiere negozio ereduaren berrikuntzari eta ekonomia digital berriari lotuta.

Sei hilabetez, enpresek berariaz horretarako garatutako metodologia jarraitzen dute, diziplina anitzeko laguntzaileez eta hainbat arlotako adituez osatutako talde baten babesarekin. Horrez gain, prozeduraren jarraipen indibidualizatua egiten duen aholkularitza baten tutoretza daukate. Amaitzean, negozio ereduen berrikuntza estrategia fokatzen eta une-oro testuinguruko baldintzetara egokitzen ahalbidetuko dien ibilbide orri bat izango dute.

Jada bost enpresa ari dira parte hartzen, eta 5 eta 100 lanpostu arteko ETEetarako diseinatuta dago, honako sektore hauetakoak: industria, eraikuntza, garraioa, industriari lotutako zerbitzuak, turismoa eta handizkako merkataritza.

BERRIKUNTZAKO EROSKETA PUBLIKOAN TREBATZEKO ZERBITZUA

Berrikuntzaren erosketa publikoa konponbide berritzaileen (merkatuan eskuragarri ez daudenen) garapena da, kontratazio publikoaren bidez. Helburua da Bizkaiko ETEek bikaintasuna erdiestea berrikuntzako erosketa publikoaren hornitzaile gisa, eta europar merkatuan kokatzea.

Lehenengo urrats gisa, informazio gida bat editatu da eta Bizkaiko ETEetarako prestakuntza ibilbide bat diseinatu da. Zerbitzu berri hori berrikuntzarekin lotutako irtenbideak eskaintzeko eta merkatu publikoan asetzeke dauden beharrizanei erantzuteko gai diren lurraldeko enpresei zuzenduta dago.

Une honetan hautatzen ari dira lehenengo trebakuntza ibilbidean parte hartuko duten eta tutoretza pertsonalizatua izango duten ETEak.