Euskadiko baxura flotako ontziak buru belarri sartuta daude hegaluzearen arrantzaldian eta ia egunero arrain deskargak egoten dira Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan zein Kantabria, Asturias edota Galiziakoetan. Harrapaketa erritmoa bizitu egin da azken asteetan eta Espainiako gobernutik emandako azken datuen arabera, 2020 urteko kuotaren %47,54a arrantzatuta dago dagoeneko. Kopuru horretan sartuta dago Kanariar irletako flotak lehen seihilekoan egindako harrapaketak. Gauzak horrela, 8.531 tona geratzen zaizkio arrantzatzeko Kantauriko flotari. Gogoratu behar da, azken hiru urteetan Espainiako arrantza ministeritzak arrantzaldia eteteko agindua eman zuela urteko kuota agortuta zegoelako. Aurreko urtean, abuztuaren 27an eten zuten kanpaina eta aurten ere, -orain arteko harrapaketa erritmoa mantentzen bada- data horietan buka daiteke.

Maiatzaren azken egunean porturatu zituzten urteko lehen hegaluzeak euskal arrantzaleek Avileseko portuan. Harrezkeroztik ia 8.000 tona porturatu dituzte. Gainera, azken urteetan gertatu bezala, hegaluze sardak Bizkaiko Golkora sartu dira bete-betean eta arrantzaleak kostaldetik nahiko hurbil ari dira arrantzan. Ondorioz, ontziek sarri jotzen dute euren portuetara arraina deskargatzera. Arestian esan bezala, harrapaketak onak ari dira izaten flotako ontzi guztientzat, kazan ari direnentzat zein beita bizia eta kainaberak erabiltzen dituztenentzat.

Hegaluzearen kanpaina urteko arrantzaldirik garrantzitsuena da euskal arrantzaleentzat. Aurreko urtean, 7.630 tona hegaluze saldu zituzten Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Getaria eta Hondarribia izan ziran arrain gehien jaso zuten portuak, 3.571 eta 2.158 tona hurrenez hurren. Arrainaren balioa lehen salmentan 26,7 milioi eurokoa izan zen eta batez besteko prezioa 3,51 eurokoa kiloa. Aurten ere hegaluzearen batez besteko prezioa kopuru horietan dabil. Euskal portuetan saldutako arrain gehiena kontserba enpresek erosten dute. Freskoan konsumitzeko bideratutako kopuruak beherakada nabarmena izan du, Covid 19 birusak eragindako osasun krisiaren ondorioz. “Freskoan konsumitzeko saltzen den arraina da garestien saltzen dena. Aurten, baina, eskaera asko jaitsi da. Hotelak itxita egon dira eta apurka-apurka hasi dira martxan. Jatetxeetan ere, gauzak ez daude ondo eta hori guztia igarri egiten da portuan” adierazi du Bermeoko portuko arrain erosle batek.

Harrapaketa onak

Arrantzaleak pozik daude harrapaketa onak lortzen ari direlako. Era berean, baina, kezkatuta ere badaude badakielako aste batzuk barru urteko kuota agortu eta arrantzaldia eten egin beharko dutelako. Ondorioz porturako bidea hartu beharko dute eta tarte luzea egingo dute itsasora itzuli gabe. Gauzak horrela, euskal arrantzaleek hegaluzearen kuota banatzeko eskatu dute Madrilen ontzi bakoitzak erabaki dezan noiz eta nola arran-tzatu berari dagokion hegaluze kopurua. “Gure flotaren menpekotasuna oso handia da hegaluzearen kanpainarekiko. Ontzi batzuk bi kanpaina baino ez dituzte urtean, berdela eta hegaluzea, eta zaindu egin behar ditugu” dio Aurelio Bilbao, Bizkaiko kofradietako idazkariak. Bestalde, euskal flotari dagozkion eskubide historikoak aldarrikatzen dituzte. “Gure ontziek historikotasun handia dute hegaluzearen arrantzaldian eta ez dugu galdu nahi. Gauza bera gertatu zitzaigun administrazio zentralak berdelaren banaketa atzeratu zuenean. Banaketa egiteko eskatzen aritu ginen etengabe baina Madridek atzeratu egin zuen nahikoa historikotasunik ez zuten flota batzuk hala eskatuta”.

Beste alde batetik, kontutan izan behar da hegaluzea ez dutela Kantauriko ontziek bakarrik arrantza-tzen. Izan ere, urteko lehen seihilekoan, Kantauriko ontziak berdeletan eta antxoatan ari direnean, Kanariar irletako ontziek hegaluzearen arrantzaldiari ekiten diote. Gainera, azken urteetan harrapaketa handiak lortu dituzte. “Azken urteetan harrapaketa handiak izan dira Kanarietako uretan eta kuota banatu barik jarraituz gero horrek arriskuan jar dezake Kantauriko flotaren kanpaina” azaldu dute arran-tzaleen ordezkariek.

Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziek harrapatzen dituzten espezie gehienen kuotak banatuta daude flota eta ontzi ezberdinen artean. Legatza, berdela edota hegalaburra dira adibideetako batzuk. Hegaluzearekin ere gauza bera egin behar dela uste dute euskal baxura flotako arrantzaleek. “Ia espezie guztien kuotak banatuta daude, batez ere flota industrialek harrapatzen dituztenenak. Ontzi bakoitzak bere kuota izateko eskubidea du eta kuota horrek balioa ematen dio, are gehiago ontziak desegiterik ez dagoen honetan. Gure flota ez da salbuespena izan behar. Hegaluzea eta gainerako espezieak banatu egin behar dira”.

Urterik urtera, gero eta gehiago dira hegaluzetara doazen ontziak, arran-tzaldi horretan parte hartzeko zerrenda irekia da-eta. Arrantzaleen ustez, hegaluzearen arrantzaldia ezin da izan “hondorik gabeko zakua”. “Edozein hasi daiteke hegaluzea arrantzatzen eta urtez urte handi-tzen doa kanpainan parte hartzen duten ontzien kopurua. Hori ez dator bat gainerako espezieen kudeaketan egiten denarekin. Ez da koherentea”.

ICCATek (Atunaren Zaintzarako Nazioarteko Batzordeak) egin dituen azken ikerketen arabera, hegaluzearen stockaren egoera osasuntsuan dago. Azken urteetan arrantzaleek arrain asko aurkitu dute Bizkaiko Golkoan eta Kantauri itsasoan, eta harrapaketak onak izan dira. Euskal kofradietako arduradunek uste dute, stocka osasuntsu dagoenean ekin behar zaiola kuotaren banaketari. “Hegaluzearen kuotaren banaketa oraintxe egin behar da, baliabidea osasuntsu dagoenean. Espainiako gobernuak, ordea, kontrakoa egiteko ohitura du. Hau da, espezie baten kudeaketan arazoak daudenean, baliabidea txarto dagoenean ekiten dio banaketari, banatu beharrekoa gauza gutxi denean”.

Hegaluzearen arrantzaldia urteko garrantzitsuena da Euskadiko baxurako flotarentzat eta kanpaina horretan lortzen du urteko irabazien zatirik handiena. Arestian esan bezala, azken hiru urteetan nahi baino goizago eten egin behar zuten arrantzaldia kuota agortuta. Hala eta guztiz ere, Espainiako gobernuak hegaluzearen kuotaren zati bat erabiltzen du beste espezie batzuren kuotak lortzeko Europako beste herrialde batzurekin trukatuta. Aurten bertan, berrogeita hamar tona hegaluze trukatu ditu Frantzia eta Portugalekin legatz gehiago lortzeko. “Espainiako gobernuak badaki hegaluze kuota ez dala nahikoa flota guztiarentzat baina hala ta guztiz ere erabili egiten du trukaketak egiteko. Kuotaren banaketa eginez gero, administrazioak ezingo luke hegaluzea erabili” azpimarratzen dute kofradietatik.