BILBO. Koronabirusak eragindako egoera ekonomiko latza dela eta, Kutxabankek aurreikuspen plana duten bezeroek aurreikuspen-aurrezkien zati bat eskuratu dezaten ahalbidetuko du bihartik aurrera.

Finantza Erakundeak eskuratze-eskaria arin eta erraz egiteko protokolo-sistema jarri du abian, aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteetan daudenei -EEE edo AEEE batean-, edota alarma egoerarengatik jarduera eten duten autonomoei zuzendua, beti ere desenpleguko prestazioak jasotzeko eskubidea dutenean.

Aurrezkiaren zati hori jasotzeko eskubidea BGAEen bazkideak AEEE edo EEE batean sartzen diren egun berean jarriko da indarrean, eta erreskate-eskaria era telematikoan egin ahal izango da bihartik aurrera, asteartea, martxoaren 31, www.kutxabank.es gunean jarriko den atal berezian.

Baskepensiones euskal merkatuan aurreikuspen indibidualeko liderra da, 2019. urtearen amaieran %47ko kuota zuen, 5.688 milioi euroko ondarea kudeatzen zuen eta 273.000 bazkidetik gora zituen. Estatu osoan, Taldeak 7.000 milioi eurotik gora kudeatzen ditu era honetako produktuetan, eta 400.000 lagunek dituzte beren pentsio-planak Kutxabank Taldean.

Erabaki honekin batera, finantza Taldeak beste hainbat laguntza ipini ditu indarrean, lankide dituen enpresa, familia eta norbanakoentzat arinagoa izan dadin osasun egoera honek sortutako egoerari aurre egitea.

Kutxabankek informazio sistema berezia jarri du abian "Hemen gaude, zu etxean egoteko" izenburupean, www.Kutxabank.es web orrian ikus daitekeena. Bertan beharrezkoak ez diren arriskuak ekiditeko gomendioak ematen dizkie bezero eta langileei, telematikaz (online Banka, eta App-ak) eta telefonoz egin daitezkeen eragiten gaineko informazioa eta gomendioak ematen dira, eta zabalik dauden bulegoen eta kutxazainen kokapena ematen da.