BERMEO - Urteko lehen bokartak porturatu zituzten atzo Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan. Arrantzaleek harrapatutako arraina nahiko gaztea zen -kiloko berrogeita hamar eta hirurogei ale bitartekoa- eta arrantzatutako kopurua ere ez zen handia izan. Nolanahi ere, eta kanpainako lehen bokartak izanik, enkantean lortutako prezioa ona izan zen. 5,50 eurotan saldu zen kiloa lehenengo bentan eta kalitatearen arabera, 2,80 euroraino jaitsi zen. Esan beharrik ez dago, atzo porturatutako arrain guztia freskotan kontsumitzeko saldu zela.

Martxoaren lehen egunean zabaldu zen 2020ko bokartaren arrantzaldia. Arrantzaleek, baina, ezin izan dute itsasora urten asteazken goizaldera arte eguraldi txarra zela-eta. Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Galiziako ontzi batzuk atera ziren itsasora, bezperako haizete gogorrak baretu zirela baliatuta. Nolanahi ere, itsasoaren egoera ez zen gozoa izan. Urteko lehen antxoa Bermeoko badian eta Matxitxako itsas muturretik oso hurbil azaldu zen eta harantz abiatu ziren arrantza ontziak. "Hogeita zortzi brazatan -berrogeita hamar bat metro- ibili gara arrantzan. Ur gutxi da eta batek baino gehiagok sarea hondatu egin du" adierazi du patroi batek porturatu ostean.

Arestian esan bezala, harrapatutako antxoa kopurua ez da handia izan. Ontzi batzuk, zorterik edo trebeziarik handiena izan dutenek, bokarta garbian arrantzatu dute. Hau da, sardinarekin nahasi barik. Beste kasu batzuetan, bokarta sardinarekin batera etorri da nahasirik eta zorterik txarrena izan dutenek sardina bakarrik harrapatu dute.

Santurtziko Gure Imanol izeneko ontziak porturatu du urteko lehen antxoa Euskadin, Bermeoko portuan hain zuzen ere, arrantza lekutik hurbilen zegoen lekuan. Lehen bokarta hori 5,50 eurotan saldu zen kiloa. Apur bat beranduago Santurtziko beste ontzi batek saldu zuen arraina eta 4,23 eurokoa izan zen preziorik merkeena. Guztira, 500 kilo eskas. Kantabriako ontzi talde batek Ondarroara jo zuen arraina saltzera, kanpaina osoan egiten duen bezala. Antxoa gehien eraman zuen ontziak 3.000 bat kilo porturatu zituen. Guztira, 20.000 kilo inguru saldu ziren atzo Bizkaiko portu honetan. Prezioari dagokionez, 4 eurotik gora hasi zen kiloa eta 2,80raino jaitsi zen, arrainaren kalitatearen arabera. Sardinari dagokionez, merke saldu zen. 80 zentimotan hasi zen kiloaren prezioa eta 40 zentimotik behera amaitu zuen. Harrapatutako arraina saldu eta berriro itsasoratu ziren ontziak. Bermeorantz barik, ekialderantz egin zuten patroiek, Donostiako eta Pasaiako kostaldetik hurbil egiteko arrantzan. Egunak aurrera egin ahala, mendebalderantz jo zuten. Aste honetako arrantzaldia ez da askorik luzatuko. Izan ere, mendebaldeko-ipar mendebaldeko haizeak indar handia hartuko du eta bost metroko olatuak iragartzen dituzte goizalderako eta ia sei metrokoak ostiralerako.

Berdelaren arrantzaldiari dagokionez, arrantzaleek ez dute sardarik aurkitu. Amuak erabiliz arrantzan egiten duen flotako ontziek ez dute itsasoratzeko asmorik agertu datorren astera arte. "Eguraldi txarra dago eta berdelak ez du agerraldirik egin oraindik. Esan digute arrastontziak hasi direla berdela arrantzatzen eta horrek esan nahi du laster gure kostaldeko uretan izango dela. Datorren asterako eguraldi iragarpenak aste honetakoak baino hobeak dira eta orduan itsasoratuko gara" esan digu Bermeoko ontzi bateko patroiak.