BILBO. Euskal AEko industri produkzioa % 4,2 igo zen 2019ko abenduan, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta, lan-egutegiaren termino homogeneoetan; bosgarren hilabetez jarraian hazi zen, Eustatek landutako datuen arabera. 2019ko hamabi hilabeteetako balantzea % 1,3ko hazkunde metatuarekin itxi da, 2018ko aldi beraren gainean.

Urtaroen eragina zuzenduta, % 1,9 murriztu zen Euskal AEko industri produkzioa, 2019ko azaroarekin alderatuta.

2019ko abenduko indizearen bilakaera, 2018ko abendukoarekin alderatuta, positiboa izan da industria-sektore handietan helburuaren arabera, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren kasuan izan ezik. Hala, Ekipo-ondasunak % 12,7 igo dira, Energia % 4,7 eta Bitarteko ondasunak % 0,6. Kontsumo-ondasunek, oro har, % 4,5 egin dute behera, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren beherakadaren ondorioz (% 5,8 jaitsi dira); Kontsumo-ondasun iraunkorrek, berriz, % 2,5 egin dute gora.

Aldiz, 2019ko abenduko hilabete arteko aldakuntzak, 2019ko azaroarekiko, Energiaren sektorean soilik du zeinu positiboa, non % 2,2 hazi baita. Ekipo-ondasunek % 5,7 egin dute behera, Bitarteko ondasunek % 0,6 egin dute behera eta Kontsumo-ondasunak, oro har, % 2,5 jaitsi dira; izan ere, Kontsumo-ondasun iraunkorrak % 4,1 jaitsi dira, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak % 2,1.

Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2019ko abenduan urte arteko hazkunderik handienak izan dituztenak hauek dira: Garraio-materiala (% 29,7), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 8,2) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (% 6,8).

Aitzitik, urte arteko beherakadak gertatu dira sektore garrantzitsu hauetan: Zurgintza, papera eta arte grafikoak, % 5,4 jaitsierarekin; Elikaduraren, edarien eta tabakoen industriak, % 2,2ko jaitsierarekin urte artean; eta Material eta ekipo elektrikoa, % 1,0ko jaitsierarekin.

Lurraldearen arabera, Industri Produkzioaren Indizearen abenduko urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban % 10,6 igo da, Bizkaian % 3,1 eta Gipuzkoan % 1,8.

Industria-jardueraren balantzea 2019an: Energia elektrikoa, gasa eta ur-lurruna, hazkundearen buru, % 14,5eko igoerarekin

Euskal AEko Industri Produkzioaren Indizearen 2019ko balantzea aurreko urtearekin alderatuta % 1,3 igo da.

Sektoreei dagokienez, nabarmentzekoa da bilakaera Energia elektrikoa, gasa eta lurruna delako sektorean (% 14,5ko hazkundea urteko metatuan), eta ondoren Material eta ekipo elektrikoan (% 5,3) eta Altzariak eta beste manufaktura-industria batzuk izenekoan (% 3,7). Era berean, positiboki itxi dira sektore garrantzitsu batzuk, hala nola Kautxua eta plastikoak (% 1,5), Garraio-materiala (% 0,3) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (% 0,1).

Alderantzizko norabidean, Kokeriak eta petrolioa fintzea (-% 15,3), Produktu informatikoak, elektronikoak eta optikoak (-% 3,8) eta Industria kimikoa (-% 3,1) izan ziren urtean zehar portaera okerrena izan zuten sektoreak.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako azterketan, Energiak % 5,6ko hazkunde metatua izan du, Ekipo-ondasunek % 1,7 egin dute gora eta Kontsumo-ondasunek, oro har, % 1,9ko igoera izan dute. Azken horien barruan, Kontsumo-ondasun iraunkorren hazkundea % 2,6koa izan da, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrena % 1,7koa. Bitarteko ondasunak dira 2019an jaitsiera izan duten bakarrak (-% 0,3) 2018arekin alderatuta.

2019an metatutako aldaketak desberdinak izan dira lurraldeetan: Bizkaian % 4,2 igo da eta Gipuzkoan % 0,5; Araban, berriz, % 1,9 jaitsi da.