BILBO. Itelazpi enpresak parte hartu zuen pasaden astean, ostegunean konkretuki, hilak 17, Madrilen egindako "III Foro UNIRED SmartTowers - 5G Erronkak eta aukerak" izeneko jardunaldian. Bertan Ibetec, Retegal edo AST bezalako enpresak batu ziren, hau da, UNIRED telekomunikazio sarean daudenak.

Topaketa lau mahairen inguruan egituratu zen. Mahai horietan, erakundeetako eta hezkuntza sektoreko ordezkariek, operadore komertzialek, ekipoen fabrikatzaileek, hainbat industriatako ordezkariek eta azpiegituren operadoreek eurek parte hartu zuten. Ekitaldiari Matxalen Lauzirikak eman zion hasiera, Itelazpi Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazioen sozietateko zuzendari nagusiak eta UNIRED elkartearen presidenteak. Azpimarratu zuenez 5G aukera bat izango da negozio eredu berriak eta sektoreko eragileen arteko lotura eredu berriak sortzeko. Azpiegiturek funtsezko egitekoa izango dutela gaineratu zuen, zerbitzuak zabaltzean nahiz zerbitzuak eskaintzean, izan ere nukleo handietara zein landa eremuetara iritsi behar dute.

Jardunaldian telefonia mugikorreko teknologia berri horrek izango duen garrantzia egiaztatzeko aukera izan zen. Hiru oinarri teknologikoak -abiadura, aldi bereko konexio kopurua eta, bereziki, latentzia,1 ms baino txikiagoa? hobetzen dituenez, aukera asko ematen dio sektore ugariri, batik bat mugikortasunekoei, industriakoei, osasunekoei eta aisialdikoei. Publiko orokorrari eta gizarteari dagokionez, teknologiak berrikuntzak ekarriko ditu hirien kudeaketan, ingurumena babestean, adinekoak zaintzean eta arrakala digitala murriztean.

Foroan, halaber, ondorio garrantzitsu bat atera zen: azpiegituren operadoreek funtsezko zeregina izango dute teknologia zabaltzean, bereziki populazio dentsitate handiko eremuetako hiri altzarietako Small Cells delakoak zabaltzean. Administrazioek eta gizarte erakundeek zabaltze arrazionalizatua eta iraunkorra egiteko eskatzen dute, eta horretarako, partekatze eredu bat gauzatu beharko da operadore neutro baten bitartez.

UNIRED foroaren lehen kapitulua 2016an jarri zen martxan, telebista komunikabide unibertsala eta doakoa defendatuz. Bigarren foroa 2017an egin zen Bilbon, “SmartTowers” izenarekin, eta telekomunikazio dorreek etortzekoak ziren zerbitzu berrietan izango zuten zeregin erabakigarria izan zuen ardatz. Bi urte geroago, aurreikuspen hura berretsi egin da eta pasadan ostegunean, hirugarren edizioan, egiaztatu ahal izan da azpiegituren kudeaketa eredua erabakigarria izango dela 5G teknologia zabaltzean.