BILBO. Bizkaiko Foru Ogasunak 2017ko urtarrilean abiaraziko du BILA plataforma berria (Bizkaiko Laguntza Aplikazioa), zerga aitorpenen kudeaketa sinplikatzeko. Lanabes informatiko berri bat da, eta zerga aitorpenak egiteko 26 eredu desberdin prestatzeko laguntza programak biltzen ditu, foru erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez.
Gaur egun Bizkaiko zergadunek 24 laguntza programa desberdin ditu bere esku, beste horrenbeste zerga ereduri dagozkienak. Plataforma berriak dakarren berritasun nagusia da eredu guztiak programa berean biltzen dituenez, zerga eredu desberdinen aitorpenen kudeaketa eta aurkezpena sinplifikatzen dituela, aitorpen egilearen datu base berberera jotzen duelako. Era berean, bestelako hobekuntzak ere eskaintzen ditu, hala nola zirriborroak egiteko aukera izatea edo berrikuntzen eta eguneraketen gaineko abisuak jasotzea.
Aitorpenen bidalketa masiboa errazten duenez, plataforma berriaren hartzaile nagusiak Foru Ogasunean eragiketarik gehien egiten dituztenak izango dira, esaterako, enpresak eta zerga arloko aholkulariak. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Ogasuna hasi da lurraldeko aholkularitzei programa berria aurkezten; horri esker probak egin ahalko dira, urtarrilean abian jarri aurretik.
Plataforma berrian sartzen diren zerga ereduak honakoak dira: 110/111, 115, 123, 130, 140, 180, 181, 182, 184, 187, 188, 190, 193, 296, 340, 345, 347, 349, 603, 720 eta BEZ. Gauzak horrela, foru erakundeko arduradunek zehaztu dute aplikazio honetan ez direla sartzen errentaren, sozietateen, ondorengotzaren, eskualdaketen edo jarduera hasieraren gaineko zergak prestatzeko programak.
Doan jaitsi daitekeen eta sistema eragile nagusiekin bateragarria den lanabesa diseinatuz, Bizkaiko Foru Aldundiak "bide telematikoak indartzeko apustua sendotzen du", aitorpenak aurkezteko bide modura; izan ere, zerga eredu desberdinen kudeaketa errazten du eta jasotako datuen kalitatea hobetzen du. Gaur egungo ereduekin gertatzen den bezala, BILAk aitorpen telematikoa aurkezteko edo eredua paperean inprimatzeko aukera eskainiko dei Bizkaibai zerbitzuan alta emanda dauden zergadunei.