Txirrindularitzaz ari garenean, errepide amaigabe eta mendate aldapatsuetan egiten diren lasterka luzeak datozkigu gogora. Frantziako Tourraren Pirinioetako etapak, ikurrinaz beteta, edo Espainiako Bueltakoak, bide-ertzak jendez gainezka, animoak ematen. Beste irudi bat BTT modalitatearena izaten da, txirrindulariak zelaietatik doazena, lokatzez beteta. Baina pistako txirrindularitza ez da hain ezaguna, jarratzaile eta parte-hartzaile kopurua ere ez baita hain handia. Belodromoetan egiten diren proba horietan, abiadura eta puntuazioa dira garrantzitsuenak. Gainera, kirol olinpikoa da. Leire Olabarria gipuzkoarrak brontzezko domina irabazi zuen Pekineko jokoetan, 2008an, beste errekonozimendu ba-tzuez gain.

Hala ere, Bizkaiko federazioa sustapen lana egiten ari da txikien artean eta, horretarako, benjamin eta kimu kategorietarako kontzentrazio bat antolatu dute Fadurako belodromoan. Leku honek ez ditu lehiaketa bat egiteko neurri ofizialak, baina oso baliagarria da txirrindulari gazteek zaletasuna hartzeko; horrela, haur kategoriara pasatzean, Berrizko belodromoan jarri ahal izango dute praktikan hemen ikasitako guztia.

Josebak, Bizkaiko txirrindularitza federazioko ordezkariak, azaldu du nolakoak diren pistako probak adin hauetan. “Hasteko, lehiaketaren aurretik, haiekin elkartzen gara eta azaltzen diegu zer egin behar duten, batez, pistarekin familiarizatzen joateko. Ondoren, hiru proba egiten dira: batetik, taldeka jarrita, scratch edo fondoko proba egiten dute, belodromoari hainbat bira emanez; ondoren, motelen lasterketa edo dei-tzen zaiona, azkena heltzen denak irabazten duena; azkenik, puntuazio lasterketa bat egiten da, txirrindulari bakoitzak puntu batzuk lortu behar dituena”.

50 txirrindulari inguru bertaratu ziren hitzordu horretara. Normalean, ibilbide edo BTT probetan 200 eta 300 haur inguruk parte hartzen dute, beraz, parte-hartze mailak ez dauka zerikusirik. Hala ere, beste modalitate batzuekin alderatuta, pistako zifrak txikia badirudi ere, kopurua handituz doa urtetik urtera. “Oso haur gutxirekin hasi ginen eta azken urteetan 40-50 biltzera heldu gara. Jardunaldiak arrakastatsuak izaten ari dira eta, gainera, jendea taldetan banatu behar izan dugu. Bestalde, Berrizko belodromoan hainbat bizikleta berezi ditugu pistan korrika egiteko, eta denak okupatuta daude. Hau gorantz doa eta poz-pozik gaude. Haur kategoriara heltzean, teknika bertan ikasten dute. Aurten, irailean egingo dugu proba eta parte-hartze handia espero da”.

Parte-hartzea handitzearen arrazoietako bat Bizkaiko federazioak egindako egutegia da. Hiru modalitateetako probak uztartzen dira, horrela, haurrek guztietan parte hartu dezakete, hala nahi badute. Bestalde, duela egun batzuk Espainiako Kopa izan zen eta Bizkaiko txirrindulariek oso emaitza onak lortu zituzten, ordezkaritza txikia eraman arren. Esaterako, “Ane Mazón txapelduna izan da abiadura modalitatean, kontuan izanda Bizkaian abiadurako oso kirolari gutxi daudela. Markel Rodríguez, bestalde, fondoko junior korrikalarien artean nabarmendu da eta, orokorrean, euskal korrikalariei buruz ari garela, Gasteizko Ibon Diaz bigarren geratu da eta Valen-tziako jardunaldia irabazi zuen”, esan du federazioko ordezkariak.

Beste bi modalitateei dagokienez, egoera ezin hobea da, bereziki BTTren kasuan. 300 txirrindularitik gora elkartu ziren Muskizeko proban, denboraldiko handienetako bat. Kantabria eta Gaztela-Leongo jendea ere gerturatu zen.

Hasi zirenean, hamar txirrindulari inguruk parte hartzen duten, baina sasoi horiek atzean geratu dira. “Duela hamaika urte hamaika haurrek hartu zuten parte lehenengo proban. Horietatik sei, Elorrioko klubekoak ziren. Lehengoan, Gizaburuagan 200etik gora bildu ziren; sinestezina da nola egin duen gora. Ibilbideak ere jende nahikotxo dauka, baina beti eduki du”, esan du Josebak, amaitzeko.

Txirrindularitzako denboraldia gogor hasi da hiru modalitateetan. Orain falta den bakarra da eguraldia lagun izatea, are jende gehiago animatzeko.