ordizia - Bihar, Ordiziako Majori Polikiroldegiko igerilekuan, bosgarren Ordizia Urpekoak Saria txapelketa jokatuko da, Ordizia Urpekoak Kirol Elkarteak antolatuta. “Aurreko lau urteetako txapelketetako esperientzia izugarria izan da, zein baino zein hobea”, nabarmendu du Juanjo Garin, Urpekoak taldeko kideak. Kontuan izan behar da txapelketa honetan igerilariak hegatsak erabiltzen dituztela, eta beraz, “ohikoa baino erritmo biziagoa duen igeriketarengandik alden-tzen den modalitatea” dela gehitu du Garinek.
Ekitaldian, Estatu mailako zortzi taldeetako 187 igerilarik hartuko dute parte eta tartean izango dira 50 bat Ordiziako taldekoak. Parte-hartzaileen artean, Espainiako selekzioarekin Europa zein Munduko txapelketetara joan diren hainbat igerilari ere izango direla aurreratu du Garinek. Ez da edonolako proba parte-hartzaileentzat, izan ere, hemendik bi astera Valladoliden jokatuko den Espainiako neguko txapelketarako txartela eskuratzeko aukera izango dute Majorin: “Markagailu elektronikoa jartzen dugu denboraren irakurketa egiteko, beraz, txapelketa serioa dela esan dezakegu. Jende asko inguratuko da, Espainiko txapelketan lehiatzeko gutxiengo denborak lortzera joango dira asko, eta beste batzuk serie onenean sartzeko lehiatuko dira”, esan du Urpekoak taldeko kideak.
Hala ere, herriko igerilariek “txapelketa bat nolakoa den ikusteko” aukera izango dutela gaineratu du Garinek, “maila erdi-handiko igerilariekin lehiatzeko”.
Goizean hasi eta arratsaldera arte luzatuko dira probak. Horrela, 9.30etik 12.30era izango da lehen saioa eta bigarrena, 16.30etik 19.00etara. Lehen zatian lau proba izango direla azaldu du Garinek: “Sailkatzeko bi proba izango dira, 50 eta 200 metro urazalekoak. Horiez gain, 400 metroko murgialdiko finala jokatuko da eta 400 metroko urazaleko serie geldoa; alegia, txapelketan apuntatu direnetik denbora txarrena dutenak arituko dira igerian”. Murgialdian igerilariak oxigeno botila eramaten dute, eta beraz, ez dute urazalera atera behar arnasa har-tzera. Arratsaldean ere izango da zer ikusia Majorin. Goizean izandako bi proben finalak jokatuko dira eta 400 metro urazaleko serie azkarra ere bai. Gainera, 100 metroko murgialdiko final zuzena ere izango da. Bukatzeko, errelebo misto bat egingo dute. “Beste txapelketetan ez da egiten proba hau ez delako puntuagarria izaten, baina guk hala egiten dugu igerilari guztiek aukera izateko eta parte hartu ahal izateko. Horrega, lau pertsonaz osatutako taldeak lehiatuko dira; bi emakume eta bi gizonez osatutakoak”, adierazi du Garinek.
Horrela, maila eta giro onaz goza-tzeko aukera izango dute bihar Majorira gerturatzen diren guztiek.