Udazkeneko Mendi Tour zirkuitua Zornotzan abiatuko da datorren asteartean
Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrera libre izango da, aretoa bete arteko mugarekin
BILBO. Mendiko zinemagintzako film onenak eta gaur egunekoak biltzen dituen Mendi Tour zikloak udazkeneko zirkuituari ekingo Zornotzan datorren asteartean, irailak 26. Burgos, Madril, Sopela, Urnieta, Markina-Xemein, Elgoibar, Zumarraga, Potes eta Basaurin izango dira zikloaren hurrengo geldialdiak, urrian eta azaroan, eta jarraian iritsiko da Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren hamargarren edizioa, abenduaren 8tik 17ra.
Mendi Film Festival jaialdiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Zornotza Aretoan 2016. urteko edizioko lau film nabarmenetakoak eskainiko dira: "E.B.C. 5.300 m" suitzarra (Film Labur Onena 2016an), "Annapurna III Unclimbed" austriarra, "Metronomic" frantsesa eta "Freedom underload" eslovakiarra (Sari Nagusia 2016an).
Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrera libre izango da, aretoa bete arteko mugarekin. Filma guztiak jatorrizko bertsioetan eskainiko dira, azpitituluekin lagunduta. Ametx erakunde autonomoa da Bilbao Mendi Film Festivalak antolatutako ekitaldiaren babeslea; laguntzaileak, berriz, Zornotza Mendi Taldea, KINE Zinekluba eta Zineuskadi dira.
Bestalde, Mexikoko 30 hiritan irailaren 19an eta 21ean egitekoa zen Mendi Tour bertan behera utzi da joan den asteartean gertatutako lurrikarak eragindako ezbehar larriengatik. "Kolpeari aurre egin eta kaltetuak hartatzea da orain lehentasuna", adierazi dio Freeman Outdoors babesleak Mendi Film Festivalari. Jaialdi bilbotarrak elkartasuna adierazi dio Mexikoko herriari.