BILBO. Jardunaldi bakarrean egingo da, urriaren 15etik otsailaren 28ra bitarteko aldian, eta, eguraldiaren baldintzak medio, gutxienez 6-7 metroko tamainako olatuak sortzen diren eguna hautatuko dute, astearte honetan eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.

Olatu Handien Munduko Zirkuitua WSL Surfeko Munduko Ligak antolatu du, '3Sesenta' aldizkariaren, Getxo Surf Taldearen eta Getxo Kirolak erakundearen lankidetzarekin. Zirkuituan zortzi proba egingo dira, eta bi etapatan banatuko da: hegoaldeko hemisferioa eta iparraldeko hemisferioa.

Lehenbiziko etapatik, Txileko lehiaketa bakarrik egin ahal izan da, eta han, Hawaiiko Makua Rothman izan zen irabazlea, munduko egungo txapelduna eta Punta Galeako iazko txapeldunordea. Getxoko lehiaketa bigarren etapan sartzen da, Oregon (AEB), Peahi (Hawaii) eta Todos Santos (Mexiko) bezala.

Parte hartzeari dagokionez, Punta Galean modalitatearen munduko sailkapeneko 12 onenak lehian izango dira, eta, haiekin batera, nazioarteko sei surflari eta sei euskal surflari -azken horiek gonbidatuta-.

Tokiko surflarien zerrenda dagoeneko baieztatu da: Natxo Fernandez, David Bustamante, Adrian Fernandez de Valderrama, Indar Unanue, Aritza Saratxaga eta Jon Garai; horiei Natxo Gonzalez plentziarra gehitu behar zaie, nazioarteko sailkapeneko egungo 12. sailkatua.

Punta Galea Challengeren hamargarren edizioa zuzenean emango da beste behin AEBetako eta Brasilgo telebistetan eta Internet bidez. Iaz, bost milioi lagunek ikusi zuten proba telebistan eta 1,8 milioi lagunek streaming bidez.

EKITALDI GARRANTZITSUENETAKOA GETXON

Imanol Landa Getxoko alkateak aurkezpenean nabarmendu du Olatu Handiena "udalerriko kirol denboraldiko ekitaldi garrantzitsuenetakoa" dela, "txapelketak duen mailagatik ez ezik, Galeako paraje ederrean biltzen den jendetzagatik ere".

"Benetan ikusgarria den proba batez gozatzeko aukera dute, eta ikusgarritasun horren ondorioz, txapelketak Getxotik eta inguruetatik haratago ere oihartzun handia du, gero eta handiagoa, neurri handi batean, hurbiltzen diren hamaika hedabideei esker. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu Nazioarteko Surf Ligari Getxoren alde apustu egiteagatik, Olatu Handien Nazioarteko Zirkuituko Europako proba bakarra izatearen pribilegioa daukagulako", azaldu du.

Javier Amezaga '3Sesenta' aldizkariko kideak itxarote aldia aipatu du, oraindik aurreikuspenik ez dutela iragarriz. "Azken urteetan abendu amaieran egin da txapelketa. Itxarote aldia oso luzea da baina deialdia bost egun lehenago egiten da. Iragarpen oso on bat ikusten dugunean aurre abisu bat egiten da mundu osoan", esan du.

Aurten ere, autobus bereziak jarriko dira jendearentzat Bidezabalgo metro geltokitik Galeara joateko. Uretako segurtasun neurriak iazkoaren antzekoak izango dira.