BILBO - Laurehundik gora lagun batu ziren Bilboko La Casillan, larunbat arratsaldez, Euskadiko Txapelketak zer eskainiko. Giro ona harmailetan eta era guztietako borrokak ring gainean. Basakick taldeari egokitu zaio aurtengo antolaketa, eta nahikoa lan izan zuten taldeko kideek, goiz eta arratsaldez iraun baitzuen kontuak. Goizean, Boxeolari Ezezagunaren lehia izan zen, eta arratsaldean txapelketa bera. Borrokak hasi baino lehen, Bizkaiko boxeolari gaztetxoen erakustaldi polita antolatu zuten Basakick-ekoek: umeek kirolak berak eskatzen dituen ariketa ezagunenak irudikatu zituzten koadrilateroan, zaletuen harridurarako. Horren ostean, gaztetxoen hiru borroka jokatu ziren, Santiago Vanegas eta Johan M. Lungu bizkaitarrak nabarmendu zirela, Alin Popa gasteiztarrarekin batera. Gazteen atalean polemika izan zen nagusi. Pisu arinetan epaileek Sebastian Perezi eman zioten garaipena, baina berak adina meritu (edo gehiago) egin zuen aurkariak, Esteban Jimenez gasteiztarrak (ulertzekoa, beraz, mutilaren haserrea). Ondoren, welter pisuko titulua desertu geratu zen.

Nesken kategorian bizitasuna izan zen nagusi. Batetik, Isabel Rodriguezek Jessica Salazar gainditu zuen, eta, bestetik, Estatuko txapelduna den Violeta Gonzalezek Nekane Martini irabazi zion. Baina guztiek erakutsi zuten maila ona eta aurrera egiteko gogo handia.

Nagusien artean ere denetarik ikusi zen, borroka ederrak eta beste ba-tzuk gora-beheratsuak. Esaterako, aipagarria izan zen Zakarias Ait-ek eta Nelson Dotelek eginiko norgehiagoka, welter pisuan. Arabarrak ondo estutu zion gipuzkoar gazteari, hiru asaltoetan bere aurkariarenganako presioa mantenduz. Ostera, pisu arinetan Xabi Burgueñok eraman zuen titulua, bere arerioa Estatuko txapelketan baitzen.

Honen harira, komeni da zer edo zer aipatzea. Aurtengo Txapelketak boxeolari ezagun batzuen hutsunea igarri du, egun berean Estatuko txapelketa jokatzen ari zirenena, hain zuzen. Ulertezina da txapelketa biak batera jokatzea; hurrengorako bat etorri beharko dute federazio ezberdinek, kirol hau bide onetik eraman nahi badute bai, behintzat.

Azken hiru borroketan mutil sendo eta galantak igo ziren ring gainera, eta mutur salda itzelak egon ziren. Pisu ertainetan Kerman Castro bizkaitarra nabarmendu zen, baina ezin esan Ismael Beek ez zuela meriturik egin, etxera txapel bana eramateko moduko lehia egin baitzuten biek. Ostera, pisu erdiastunetako borroka berehala amaitu zen. Gazi Jalidoven ukabilen dinamitak erabat zapuztu zuen Arkaitz Hernandezen goardia. Epaileak lehenengoko asaltoan geratu zuen finala. Eta Txapelketako azken lehian ia-ia antzerakoa gertatu zen, baina oraingo honetan ondo eutsi zion Josu Omarrek Miguel Gabarri gazteari. Gasteiztarraren muturrekoek mando baten ostikoak baino potentzia gehiago dute, eta Omarrek nahiago izan zuen hura ebitatzea, hirugarren asaltoan aurre egin bazion ere. Azkenean, Gabarrik eraman zuen pisu astunetako txapel preziatua.