Bilbao. Samuel Sanchez (Euskaltel) asturiarra nagusitu da Dauphiné Liberéko zazpigarren etapan, Le Pont de Clais eta Superdévoluy arteko 187,5 kilometrotakoan, eta iaz zendutako bere taldekide eta lagun mina zen Victor Cabedori eskaini dio garaipena malko artean helmugan. Chris Froome (Sky) britainiarrak uneoro kontrolpean eduki du egoera, eta 17 segundu geroago helmugaratuta aise eutsi dio lidergoari zortzigarren eta azken etaparen bezperan.
Denboraldiko lehen etapa garaipena erdietsi du Samuel Sanchezek Alpe frantziarretan, bide batez, Euskaltel Euskadiren hirugarrena izan dena, Pablo Urtasunek eta Juan Jose Lobatok Gaztela-Leongo itzuliko lorpen bikoitzaren ostean. Amaitu berri den Italiako Giro eskasa ahaztarazi nahi izan du horrela 2008ko urrezko domin olinpikoak, eta bere taldearen indarra erakutsi Frantziako Tourraren atarian, nahiz eta berak atseden hartuko duen bertan.
Helmugarako hamairu kilometroren faltan Jakob Fuglsang (Astana) suitzarra eta Sanchez berak ihesaldira jo dute eta atzean utzi dute faboritoen taldea. Bost ordu eta 26 minutu erabili izan ditu irabazleak, baina azken 200 metroetan hasi duten esprintean erabaki da lehia estua. Bertan zital agertu da Euskaltelekoa eta gaina hartu dio daniarrari, Superdévoluyko zerurantz ukabilak zuzenduz. "Azken hiru kilometroetan bereziki majo sufritu" duela adierazi zuen bukaeran, eta haren aburuz, "Fuglsang oso gogor" aritu da etapa osoan zehar.
Lorpen gazi-gozoa izan da baina gaurkoa Samuel Sanchezentzat, eta negarrari ezin izan dio eutsi oraindik bizikleta gainean zelarik. "Duela gutxi hil zen nire lagun Victor Cabedorentzat doa garaipena", haren hitzak malkoengatik galdetutakoan. Pasa den urteko irailaren 19an entrenatzen zegoela kotxe batek harrapatuta zendu zen Victor Cabedo txirrindulari ohia, eta oroitzapenak biziegiak izan dira asturiarrarentzat helmugan. "Honek garrantzi handia dauka niretzako, eta harengan pentsatzen dut ere".
Lehenengo bi sailkatuen ostean Richie Porte (Sky) australiarra heldu da hamabost segundura, eta sailkapen orokorreko bigarren postura igo da hortaz. Atzetik faboritoen tropela helmugaratu da, Michael Rogers (Saxo-Tinkoff), Daniel Moreno (Katusha), Alberto Contador (Saxo-Tinkoff), Stef Clement (Banko Pro Cycling) eta Chris Froome liderrarekin, besteak beste.
Alpe D'Huez mendate ospetsua iragan du etapak, baina kasu honetan lasterketaren lehen pasartean ekin diote Alpetako tontor mitikoa igotzeari, eta ez ditu, beraz, tarte gaindiezinik ireki txirrindularien artean. Lehenengo kilometroetan, halere, txapelari begira ezer gutxi egin dezaketen 20 bat lehiakide atzean utzi dituzte gainontzekoak, eta helmugarako 53 kilometro eskas falta zirela bost minututako tartea izatera heldu dira faboritoen taldearekiko.
Baina oraingoan ere Sky talde oso sendoa dela erakutsi du, handiena akaso momentu hauetan, eta Froome buru, desabantaila hori gutxitzen joan dira komeni izan zaien unetik aurrera.
Hamabost kilometroren faltan Col du Noger (1. kategoria, 1.664 metro) mendatearen igoera iritsi da, eta iheslariek ezin izan diote aldeko tarteari etekina atera, eta ezer ezean utzi dute faboritoek taldetxoaren ausardia.
Zazpigarren etapa sprint jende-tsuan amaitu behar zela zirudien unean Samuel Sanchezek erasoa jo du eta Fuglsang izan da haren gurpila jarraitu duen bakarra. Hamairu kilometro falta ziren, eta Samuel Sanchezek zeharkatu du lehenbizi Col du Nogerreko tontorra. Aldapa beheran errenta handitu egin du buruko bikoteak, 30 segundu inguruko altxorra eskuratuz mendia igaro ostean. Gehiegi izan da Contador, Porte eta gainontzekoentzat etapa garaipeneko saltsan sartzeko, eta bien arteko norgehiagoka izango zela argi geratu da.
Gaur, Risoul mendatean dute txirrindulariek Dauphinéko azken helmuga.