ELKARREKIN sortutako aurreko bi liburuek (Xomorropoemak eta beste piztia batzuk eta Piztipoemak eta beste xomorro batzuk) egindako ibilbidea ikusita, bide horretatik gauza berriak jorratzen eta proba-tzen jarraitzeko gogoa zuten Leire Bilbao idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak. Hala, gauza berdinak egin gabe proiektu horretan koxka bat gorago joateko beraien buruari proba bat jartzea erabaki zuten eta bertatik sortu da Barruko Hotsak eta beste soinu txiki batzuk poema liburua. Proiektu poetiko bat, hitzen zein ilustrazioen aldetik egun bat poemen bitartez kontatzea xede duena: Esnatzean, begiak zabaltzerakoan, aurpegia garbitzerakoan edota janzterakoan dauden zaratetan jarri dute begirada, besteak beste. Gutxi erreparatzen diren ekintzetan, oharkabean igarotzen direnetan. Irakurleak barrura begiratzeko eta bere barruko soinuari aditzeko abagune bat eduki dezan. Pamiela argitaletxearekin ondu dute liburua.

Irakurleak poema bakoitzean irudi bat ikustea nahi zuten egileek, poema horretan gertatzen dena imajinatzea. Hala, umeek irakurketak barrura begira edo ahozkora egiten dituztela kontuan izanik soinuak entzuteko onomatopeiak baliatu dituzte, Bilbaok letrak erabiliz soinuak idatzi ditu eta Mutuberriak ilustrazioen bidez gauza bera egin du. “Barruko hotsei, gorputzean zehar pasatzen diren soinuei, adi jarriko gara baina batzuetan ez daude barruan, inguruan ere badaude”, azpimarratu du Bilbaok. Gertuko inguruko hotsei begiratzeari buruz ari da, bertatik liburuaren abizena: beste soinu txiki batzuk. “Gu gara barrua eta inguratzen gaitu”.

Hotsak entzun eta begiekin ikus daitezke hamar kapituluz osatutako liburuan. Hain zuzen, egileen esanetan egiturak lagundu egiten du kokatzen eta ikusten egun oso bat dela, eta irakurleak zer aurkituko duen azaltzen du; halaber, kapitulu guztiek daukate musikarekin zerikusia: Esnaera, ixo!; Gosariko doinuak; Bainugelako musika; Arropen durunda; Bideko rock and rolla; Mahaia, aulkia eta arkatzaren jazza; Esna egiten diren ametsen sinfonia; Kalean punk; Etxeko zaratotsak; eta Lotara joan aurreko kantua. Hala, haur baten egunaren soinu banda izan daitekeena jaso dute eguneko ohiko une bakoitzeko soinuak bilduz.

Jolasgarri egiteko lehengaiekin

Mutuberriak azaldu duenez, begiekin ikusten denaren aldetik bi gauza ezberdin aurkituko ditu irakurleak: batetik, poemaren diseinua. Ilustratzailea saiatu da poema ikusterakoan soinuak irudika-tzen onomatopeiak hartu eta haiekin irudiak sortuz. Hain zuzen, poema bakoitzean kaligrama bat dago, hots, letrekin sortutako irudia. “Ilustrazioak liburu guztietan eta are gehiago honetan testutik jaiotzen dira”, zehaztu du. Bestalde, ilustrazioen bidez soinuak irudikatu nahi izan ditu, erritmoak edota irudi berriak sortuz. “Saiatu naiz ilustrazioekin irudi poetikoak egiten, poema bisualak”, adierazi du. Hala, atal bakoitzaren hasieran eta amaieran jarri zituen ilustrazioak eta guztietan giza gorputza da protagonista; azken batean, barruko hotsak gorputz barnean daudelako, eta hori sinbolizatu nahi zuelako.

Kaligramekin jolastea bientzat “proba bat” izan dela gehitu du Bilbaok, “elkarren arteko elkarrizketa bat”. “Gustatzen zaigu gure buruari erronkak jartzea, bide berriak probatzea”, esan du. Hori horrela, aurreko lanekin alderatuz honakoa jolastiagoa dela adierazi dute. “Di-seinuari dagokionez jolastiagoa da, kaligramekin jolas egin dugulako”, adierazi du Mutuberriak. Hala ere, nabarmendu du sortzerakoan jolastu baino gehiago pentsatu egin duela zer egin nahi zuen, zer forma eman nahi zion edota zein izango zen irakurketaren erritmoa. “Gainerako lanekin alderatuta honetan gehiago pentsatu dut liburuaren osotasunean, zer nahi nuen lortu gauza batekin eta bestearekin”. Horrez gain, aitortu du libreago sentitu dela eta gehiago jo duela bere nahi artistikoetara irakurleak zer espero duen gehiegi pentsatu gabe. “Nik zer eta nola nahi nuen izan da garrantzitsuagoa”. Halaber, Bilbaoren idazkera goraipatu du irudigileak. “Bere testuek badute ilustra-tzaileentzat oso ona den zerbait: irudiz josita daude; oso aberatsak dira, eta oso irekiak”.

“Helburua beti da irakurlearentzat literatura egitea baina asmo sortzaile batekin”, adierazi du Bilbaok. Hala, liburu berri honi amaiera polit bat jarri nahi izan diote konplize baten laguntzarekin pieza instrumental bat gehituz. Xabier Zabala musikari eta konpositoreari bere soinu banda propioa egin zezan eskatu zioten, testurik gabe. “Irakurle bakoitzak bere soinu banda izango du eta guk Xabier Zabalarena eskaintzen diogu, nahi izanez gero irakurri bitartean atzean entzuteko”. Azken orrialdean aurki daitekeen QR kodearen bitartez entzun daiteke pieza. “Kantuak behetik hasi eta gora egiten du, irakurlea esnatu, eguna igaro eta lokartu arte. Poemetan ere badago halako graduazio bat suabe hasiz eta pixkanaka igoz”, azaldu du idazleak. Asmoa irakurleak bere soinu banda aurkitu eta egunekoa poesia bitartez kontatzea da.