SEI urteko ibilbidean, laugarren diskoa kaleratu du Lide Hernando ahotsean daukan Liher musika taldeak: Eta hutsa zen helmuga. Armonia asko duen lan konplexua da esku artean dutena. Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, egin gabe utzi zituztenei heltzeko iritsi dira. Atzean utzi behar izan zituzten Euskal Herrian zein atzerrian zapaldu nahi izan zituzten agertokiak, baina pandemiak eragindako mina atzean utzita, baikortasunez heldu diote etapa berriari.

Zuen laugarren diskoa kalean da. Nondik sortu da?

-Zerbait berria behar genuen egin, pandemiak eragindako frustrazio hori kudeatzeko nolabait. Aurreko diskoa argitaratu eta pare bat astera iritsi zen pandemia, eta garai hartan diskoa atera genuen musika talde guztiei gauza bera gertatu zitzaigun. Egindako lan horri bide bat egitea lortu ez genuen sentsazioa genuen: alegia, ondo aurkeztea, behar zituen kontzertu guztiak ematea, hedabideengandik behar zuen arreta bereganatzea€ Pandemiak hartu zituen guztion bizitzak, eta, jakina, ez zen momentua sare sozialetan arreta gugan zentratzeko. Itxialdian geundela, taldeko gitarra jolea frustrazio hori kudeatzeko abesti berriak sortzen hasi zen, terapia bezala. Handik hilabete batzuetara jakin genuen laster beste disko bat iritsiko zela.

Hirugarren diskoarekin egindako lanaren aitorpena ez dela iritsi iruditzen zaizue?

-Ez dela iritsi iruditzen zaigu, eta ez da inoren errua, baina egoerak hala eragin du. Egoera normalean jendea ez da kontziente horrelako pieza baten atzean nolako lana dagoen, bada, kasu honetan, are gutxiago. Momentu horretan garrantzitsuena pandemia zen: etxean geunden guztiok, ezin atera, triste, beldurtuta, amorratuta€ Eta egoera horretan, gure diskoak ez zuen garrantzirik, baina guretzako asko zen. Urtebete eta zortzi hilabete generamatzan disko horrekin. Paralisi moduko batean sartu zen diskoaren aurkezpen fase hori, eta gu oso frustratuta sentitu ginen. Orain, beste perspektiba batetik ikusten dugu, baina momentuan nahiko zaila izan zen kudeatzen.

Eta pandemia gabe, musikarion bidea bidezkoa al da?

-Bidegabekoa da zeharo. Niri iruditzen zait musikariok egiten dugun lan eskergarako ez dugulako jasotzen horren haina; hasteko, ezin dugulako honetaz bizi. Jendeak agian uste du musika proiektu batean sartuta zaudenean, zure gustuko zerbait denez eta zure pasioa denez, ezin duela zure ogibidea izan, eta niretzat ez dago ezer hori baino kontraesankorragorik. Zer hobeto zure pasioa zure ogibidea izatea baino? Baina oso zaila da arteaz lan egitea. Sistema saltzen dituzun disko eta tiketen arabera dago osatua; geroz eta gehiago saldu, errentagarriagoa izango zara. Ez da kontuan hartzen zenbat lan egin duzun, baizik eta zenbat saltzeko gai zaren.

Ez da kontuan hartzen lan karga edo lanaren kalitatea?

-Nik ulertzen dut kalitatea neurtzea oso zaila dela musikan eta artean orokorrean. Osagai emozional bat dago hor, osagai subjektibo bat, eta ulertzen dut zaila dela aukera-tzea disko batek besteak baino kalitate handiagoa duenik. Ni gehiago ari naiz lan kopuruaz; zerbait kaleratzeak eskatzen dizun lan kopuruaz, jartzen diozun ahaleginaz, perfekzioraino iristen saiatzen zaren horretaz€ Horrek ez du bidezko bueltarik. Iruditzen zait plano artistikoan mugitzen garenok egunerokotasunean daukagun borroka bat dela. Ordu mordoa erabiliko duzu gauza bat egiteko, baina badakizu jendearen gustukoa ez baldin bada, hortxe geratuko dela, eta diru eta energia pilo bat gastatuko duzula, beste lan esparruetan ez bezala.

Entzulea geroz eta kalitate gutxiago duten lanekin konformatzen al da?

-Entzuleak badauka bere kriterioa; aukera-tzeko ahalmena, hezkuntza... Iruditzen zaidana da geroz eta pazientzia gutxiago daukagula orokorrean. Azkartasuna behar dugu denean, eta hori kulturaren kontsumoan ere ikusten da. Ez zaizula burutik pasa 4 minutu eta erdiko abesti bat egitea, eta gainera estribilloa minutu eta erdian daukanik. Bultzada emozionalak azkarrago iritsi behar zaizkigu, bestela, jendea aspertu egiten da. Ikustea besterik ez dago; guk, esaterako, Spotify plataforman estatistikak begiratzen ditugunean, ikusten dugu diskoaren lehenbiziko hiru abestiak entzuten direla, eta gero jendeak ez daukala pazientziarik entzuten jarraitzeko.

Bertoko eszenatokietan badago guztientzako lekurik?

-Zorionez, Euskal Herria estruktura aldetik oso anitza izan da, eta beti egon dira areto handiak, txikiak, alokairuak eskatzen dituztenak, gaztetxe zirkuitua, kontzertuak antolatzen dituzten tabernak€ Eta azken horiek bai ahalbidetzen diete talde txikiei lehenbiziko zirkuitu txikia egitera eta ezagutzera ematera. Gu konturatu gara, esaterako, Euskal Herritik ateratzerakoan, zeinen zaila dagoen hemendik kanpo. Esango nuke hastapenetarako ez dagoela horren zail Euskal Herrian, baina zaila izaten da gero mantentzea, zirkuitu horretatik atera nahi duzunean, eta errentagarriagoa izan nahi duzunean. Hor hedabideen papera nahiko murriztailea dela iruditzen zait, fokoa gainean daukaten talde horiei kasu gehiago egiten dietela eta gutxiago talde txikiei. Gauza normala da, baina zaila da talde txikientzat bizirautea.

Liherrek lortu du bere lekua egitea?

-Guk uste dut badaukagula gure lekua, eta pozik gaude lortutako horrekin. Pixka bat erdibidean gaudela esango nuke; badaukagu izen bat baina oraindik ez gara iritsi areto handiak betetzera, ez dugu Sold Out kartela zintzilikatuta Euskal Herriko areto handietan. Ea nahi dugun? Bai, nahi dugu horrelako areto handi bat bete, geroz eta jende gehiagok entzutea eta gustuko izatea Liher, eta gure kontzertuetara joatea€ Dena den, guri hastapen horietara itzultzea gustatzen zaigu. Asko gustatzen zaizkigu gaztetxeak, eta eman ziguten hori itzuli nahi diegu; o-rain, agian, jende gehiago eraman dezakegu, eta bizi hori itzuli nahi diegu gaztetxeei. Oraindik ez gara itzuli, baina itzuliko gara.

'Eta hutsa zen helmuga' dio zuen lan berriak, baina zein izan da abiapuntua?

-Disko honek bi kontzeptu ditu zutabe: batetik, Kintsugi kontzeptua dago [jatorri japoniarreko teknika bat da, hausturak eta konponketak ezkutatu beharrean, erakutsi egin behar direla diona], alegia, hausturarena; eta, bestetik, Oteizaren ekarpena dago, alegia, hutsarena. Gauza da pandemia garaian bi kontzeptuekin egin nuela topo; ez momentu berean baina bai 2020an zehar. Bi kontzeptuak gustatu zitzaizkidan, eta sentsazioa nuen biak zirela politak disko batean jorratzeko, baina ez nahikoak disko osorako. Orduan, bien arteko lengoaia bat sortzea pentsatu nuen. Iruditzen zitzaidan haustura zela Liherrek pandemia garaian sentitu genuen zerbait, eta hutsa izan dela gero sentitu genuena, gertatu zitzaigunaz kontziente ginenean, eta onartu genuenean gertatu zitzaigun hura. Oteizak ulertzen duen huts horretara jo genuen, alegia, huts baikor batera, berriz ere hasten laguntzen dizun horretara. Hala, pentsatu nuen banuela narratiba batetik bestera joateko.

Disko berriarekin berritasunik ba al dakar Liherrek?

-Argi gehiago dakar disko berriak, itxaropen-tsuagoa da; ez letrei dagokionez soilik, musikari dagokionez baita: gitarrak nagusitasun gehiago hartzen du, eta nahiko paper argi-tsua daukala iruditzen zait. Bestetik, aurreko diskoetan pisu dezente zeukan musika beltzak, batez ere, nire ahotsean, eta oraingoa nik esango nuke lan guztietan txuriena dela. Abesteko modua gainontzeko instrumentuekin txertatzen da, ez doa libreki musika beltzean oso ohikoa den moduan.

Zuen lan berrian ere egin diozue kritika sare sozialek sortzen dutenari. Pozik zaudete orain arte jasotako arretarekin?

-Gaur egungo Lidek esaten dizu konforme dagoela, baina egia da azken urtean arazo handia izan dudala sare sozialen onarpenarekin: itxi eta zabaldu egiten ditut sare sozialetako kontuak, denbora guztian gehiagoren zain nengoelako. Argazki bat igo eta pentsa-tzen nuen: "ea iristen garen ez dakit zein langa pasatzera". Eta gero nire buruari galde-tzen nion ea zertan nenbilen. Denboratxo batekin eta lan pixka batekin ikasi dut pozik egoten daukagun horrekin, ze badaukagu, eta oso ondo dago daukaguna. Ikasi egin behar da jasotzen duzuna, askotan, ez dela proportzionala egiten duzun lan kopuruarekiko, zorte eta aukera kontua dela sarritan, eta publikoari momentu horretan gustatzen zaionaren kontua ere badela. Hainbat faktoreren nahasketa dela ikasten eta ulertzen duzunean lasaiago geratzen zara, pentsatu gabe ze bidegabekoa den.

Eta orain, lan berria kalean, zein da zuen helburua?

-Hirugarren diskoarekin stand by geratu zen horri ekitea litzateke helburua; lasai lasai, baina ekin. Euskal Herri osotik jo, berriz ere aretoetan jotzeko aukera eduki, eta ikustea areto horiek nahiko betetzen direla, ea jaialdiren batera ere joan gaitezken€

Bide horri hutsetik hasita helduko diozue, hortaz?

-Hori da, hutsetik hasita helduko diogu, ez pretentsio batetik, ez mundua jan nahi izatetik. Kontziente izanda nortzuk garen eta non gauden, ez gehiago ez gutxiago nahi izanda, lasaitasunetik.