ZIRRIBORRO bat, ohar bat, emozio bat, ezinegon bat€ kontraesanak oinarri hartuta, inkoherentzia sortzen zioten pentsamendu, jokamolde eta jarrerak idazten jardun da Uxue Apaolaza (Hernani, 1981) azken hamarkadan. Barne gatazka horiei forma eman, eta ipuin bilduma formatuan aurkeztu ditu. Bihurguneko nasa (Susa, 2021) izan da emaitza.

Liburuak Lurren ahotsa du kontakizunen arteko elementu komuna. Lur emakume euskalduna da, zuria, "klase ertainekoa" eta Madrilen bizi da. Bederatzi ataletako bakoitzean egoera, pertsonaia eta inkoherentzia ezberdinei egin behar die aurre Lurrek. Pertsonaiak pentsatzen duenaren eta egiten duenaren arteko diferentzian jarri du arreta Apaolazak: "Arroztasunaren kontzientzia du Lurrek: Arrotz sentitzea da hiriarekiko, bere familiarekiko, bere bizitzarekiko edo arauaren barnean ibiltzearekiko". Arroztasun horren jatorria, "arautik kanpo" egotearekin lotzen du idazleak; izan ere, hor eraikitzen dira kontraesanak, hor jaio inkoherentziak. Emakume izateak eta ez klase altukoak markatzen du Lurren arroztasuna ipuinetan.

Lekuz kanpo sentitze horren ondorio eta adierazle da liburuaren izenburua: Bihurguneko nasa. Alerta sentsazioa adierazi nahi izan du Apaolazak, periferian bizi denaren tentsio etengabean bizitzearen ataka. "Bazterretik pixka bat aldentzen zarenean, ahotsa altxatzen duzunean, zure araua hausten duen zerbait egiten duzunean, erridikulua egiten duzu, agerian geratzen zara. Alerta horrekin bizi da ahots narratiboa: nola egokitu, nola kontra egin€". Deserosotasuna sortzeko hamaika modu jaso ditu Apaolazak, bizitzako alor eta gertakari ezberdinetatik abiatuta.

Ahots nagusiarekin batera, beste zenbait pertsonaia aurkezten ditu Apaolazak, betiere denak Lur interpelatzen badute ere. Fer, Josetxo, Juan, May eta beste zenbaitek osatzen dute Lurren mundu katramilatsua. Narrazioak Madrilen kokatuta daude, edo, hobeto esanda, "mendebaldeko edozein hiritan". Madrilen deskribapen zehatzik ez dago liburuan, bai ordea metropoli handi modernoen esentzia: "Lehen munduko hiri bat da; konpetentziaren eta askatasunaren hiria, klase urbano bat interpelatzen duen hiria". Hiri horren kale eta inguruetan barrena murgilduta, askotariko testuinguruei egiten die aurre Lurrek: lantokiko elkarrizketak, kale inkestak Madrilgo kaleetan zehar, eskaleak, gauez egindako etxera bueltak, laneko bilerak€ Gertakariz gertakari, gatazkak pilatu eta azaltzen dira, eta Lurren jokamoldea baldintzatu: "Kontraesan ispilu joko bat da. Diskurtso handiekin lotuta dago, baina diskurtso horiek gero lur hartzen dute testuinguru oso jakinetan eta hor kontraesanak eta arazo moralak sortzen dira", azaldu du Apaolazak.

Literaturaren mozorroa

Koherentziaren eta kontraesanaren arteko oreka hauskorra arakatzeko tresna aproposa da literatura egilearentzat, eta hortik tiraka jardun da idazten: "Gure oinarrietan dauden egia kolektiboei arrakalak irekitzeko edo ñabardurak bilatzeko balio du literaturak". Mozorro gisa ulertzen ditu kontakizunak egileak, plazara ateratzeko jan-tziak. Fikzioaren bitartez aurkezten ditu bere "egia gezurtariak" Apaolazak, buruhauste dituen ideiak hedatzeko tresna baita literatura harentzat.

Gatazka-galdera guztiek ipuin itxura hartzen dute Apaolazarentzat, hori bai du berezko literatura eremu: "Nireen sentitzen dudan generoa da ipuinena, bertan sentitzen naiz eroso". Nobela baten idazketarekin alderatuta, konstantzia eta denbora gutxiago eskatzen du ipuinen idazketak Apaolazaren ustez. "Naturalki" duen idazteko moduari jarraiki, kontakizun autonomoak ondu ditu, Lurrek gidatutako istorio independenteak. Horrela, atalak banaka eta desordenan irakurtzeko aukera dago, eta liburua nahinondik hasi eta bukatzeko modua.

Ez da Lur Apaolazaren sorkuntzetan azaltzen den lehen aldia. Aurreko liburuak, Mea Culpa eleberriak, Lur bera zuen protagonista. Egileak uste du erabakia ez dela erabat kontzientea izan, baina bai naturala: "Bi liburuen arteko lotura dago; behin eta berriz ari naiz mozorro bera erabiltzen edo nire burua mozorrotzen ezberdin baina ahots bera erabilita". Lur da Apaolazaren mozorroa.

Prozesuaren gozoa

Bihurguneko Nasa ez da Apaolazaren estreinako liburua. Umeek gezurra esaten dutenetik (Elkar) narrazio bilduma plazaratu zuen 2005ean, eta 2011n, berriz, Mea Culpa (Elkar) eleberria. Aurreko bi literatura sorkuntzekin alderatuta, prozesu geldo bezain zaindua nabarmendu du egileak: "Zuzenketak, proposamenak... editorearekin egindako lana oso patxadatsua izan da eta asko disfrutatu dut ipuinak berridazten".

Buruan bueltaka zituen kontraesan, zalantza eta ideia guztien mozorro egokienaren bila aritu da Apaolaza, eta bederatzi istorioz osatutako artifizioa izan da emaitza. Jantzi du Lur eta bere kontraesanen mozorroa, barne kezkak biluztu ahal izateko.