Artista

Malen Agirre: "Etengabe nabil bilaketa batean"

Txikitatik izan du Malen Agirrek arterako grina; estanpatuak diseinatzen ditu, baina pinturan ere aritzen da. Orain, bere barneko emozioak eta sentsazioak koadroetara eraman ditu, eta 'Kolorea' erakusketa aurkeztu du Zarautzen

27.10.2021 | 08:45
Pintura zein grabatua lentzen du artista oiartzuarrak

KOLOREA du abiapuntutzat Malen Agirre artistak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1988) bere lanetan, eta hala izan da Kolorea erakusketan ere. Zarauzko Arkami Galerian (Gipuzkoa) aurkeztu zuen erakusketa pasa den astean, eta urtarrila bitartera arte egongo da ikusgai. Adierazi du "etengabeko bilaketa baten" emaitza dela lan honetan jasotakoa, koloreen eta formen bidez adierazitakoa.

Zer moduzko harrera izan du lanak?

-Banuen beldur bat. Nik nire lana egiten dut nire barnetik ateratzen den hori adierazteko, baina beti dago duda hori, ea jendearengana iritsiko ote den. Baina aurkezpena polita izan zen, eta sorpresa handia hartu nuen; nire lanek jendea erakarri zuten eta arreta deitu zuten estetikoki.

Zure barneko emozioak eta sentsazioak irudikatzen dituzu.

-Etengabe nabil bilaketa batean; ez dakit zeren bilaketa den, baina prozesu bat da. Baina, azken batean, uneoro ditudan galderen bilatze bat da, nire burua aurkitzea, gehiago ezagutu ahal izatea eta ulertzea. Akzio hori nahi izan dut adierazi.

Nola egiten da hori pinturaren bitartez?

-Nire lana oso lotuta dago estetika bati. Moda eta dekorazio mundua ditut gustuko, eta garrantzia ematen diot lanak estetikoki erakargarriak izateari. Egunerokotasuna daukat inspirazio iturritzat, eta nahigabe egiten ditut konposizioak. Adibidez, bazkaltzean loredun mantel bat eta alboan esne baso bat ikusi eta horien konposizioa gustatuz gero, buruan artxibatu, eta pintatzean aurrez jasotako datu horiek forma batean edo bestean ateratzen dira; hor hasten da koadroa agintzen.

Beraz, pintatzen joan ahala erabakitzen da bidea?

-Hasieran, agian, badut ideia bat, batik bat kolorea abiapuntutzat hartuta, baina egin ahala joaten naiz bilaketa hori sortzen. Bilatzen ari naiz, eta hori, adibidez, marra eta testura ezberdinen bitartez egiten dut. Egia da ere prozesua oso luzea izaten dela. Hasieran mantxa batzuk dirudite, baina hori sor-tzeko kapa asko daude, hainbat tonalitate; azkenean, gehitzen joaten naiz, baina badago kenketa bat ere bilatzen ari naizen esentzia hori lortzeko.

Esango zenuke kolorea dela lan hauen ardatza?

-Kolorea da abiapuntua, bai, eta egia da horien konbinaketak eta tonalitateak niretzako oso garrantzitsuak direla. Horrekin transmititzen dut nahi dudana. Gainera, nire lan egiteko modua oso agresiboa eta oldarkorra da, primitiboa, baina saiatzen naiz zakartasun hori estetika serenoago batekin, finago eta eleganteago batekin kontrastatzen.

Erakusketa, gainera, ebolutiboa da.

-Bai, bilaketa horretan eboluziona-tzen ari naizelako eta gauza berriak sortzen ari direlako, ohartzen bainaiz, nire lanaren eboluzioa ikusita, hasieran kolore gehiago sartzen nuela mihiseetan, baina pixkanaka mantxa horiei forma bat edo zentzu bat eman nahi izan diedala. Hau da, bilaketa horren esentzia adierazteko prozesuan koloreak leundu ditut, sinplifikatu, eta formari garrantzia handiagoa eman diot.

Noiztik zabiltza halako lanak egiten?

-Nire gurasoak irakasleak ziren, baina beti ibili dira arte munduan; txikitatik jaso dut arterako gogoa. Aitak etxeko altzariak egiten zituen, eta, amak, pintatu. Etxean ere beti izan dugu detailetxoren bat, hala nola loreak, eta nahigabe bada ere, joan naiz informazio hori guztia barneratzen. Hori guztia formalizatu egin da, eta, beraz, betidanik pintatu dut. Ikasketak egin ahala ere argi izan dut norantz jo nahi nuen.

Zer ikasi zenuen?

-Arte Ederretan espezializatu nintzen, batez ere pinturan, kolorean, baina baita grabatuetan ere; izan ere, di- seinatzailea naiz, eta estanpatuak diseinatzen ditut. Bi lanak oso ezberdinak dira, baina bien arteko baturarekin oso osatua sentitzen naiz. Graduondokoa ere estanpatu digitalaren ingurukoa egin nuen; lan horiek eskuz egin arren, gero ordenagailuan egiten ditut errepikapenak teletan edo paperean estanpatu ahal izateko.

Beraz, biak uztartzen dituzu.

-Bai. Oso lan ezberdinak dira, baina egia da oinarri berdina dutela guztiek, bietan delako garrantzitsua erabiliko dudan paleta; motiboa alda-tzen da. Mihiseen kasuan, zuzenean pintura bitartez adierazten dut, eta, bestean, irudiak sartzen ditut. Dekorazio etxe eta arropa marka ezberdinentzat egiten dut lan; oso botanikoak izan dira orain arte estanpatuak, baina konfort horretatik ateratzen nabil. Hala ere, marka batzuek ideia zehatz bat eskatzen dizute, eta horrelakoetan ezin daiteke ezer berria egin.

Gerora begira, ba al daukazu proiekturik eskuartean?

Beste bi proiektu ditut. Konkretatzeko daude, eta ezin dut informazio asko eman. Bata estanpatuei lotuta dago, arropa marka batentzako, eta, bestea, erakusketa bati.

noticias de deia