Olatz Mitxelenak urtebete izango du Igartza Sarian aurkeztutako proiektua burutzeko. Aurreratu duenez, "pertsonen arteko harremanetan sortzen diren pitzadurak eta arrakalak" izango ditu hizpide idazle eta irakasle oiartzuarrak bere lanean.

Lehenik eta behin, zorionak! Zelan jaso duzu albistea?

-Eskerrik asko! Denbora bat pasa da jada, baina momentuan bertan emozio pilaketa bat izan zen. Alde batetik, kristoren poza eta ilusioa sentitu nuen, baina, gero, beldur eta kezka puntuak etorri zitzaizkidan. Nire buruari esan nion, "orain hau egin behar dut, honi erantzun behar zaio".

Eta orain, zer?

-Nik aurkeztu dudan proiektua ipuin bilduma bat da, eta orain pixkanaka ipuin horiek egiten joango naiz. Hori da asmoa: ipuinak idatzi, gehien asebetetzen nautenak aukeratu eta horiekin bilduma aurkeztu.

Zein izan da orain arte egin duzun lana?

-Lehiaketara 20 orrialdeko lagin bat aurkeztu behar nuen. Nik lau ipuin labur entregatu nituen, eta, horretaz gain, proiektuaren azalpena: nola ulertzen nuen, bildumari zer zentzu eman nahi nion, zer egin nahi nuen... Orain hori dena gauzatzea tokatzen zait. Ipuin batzuk idazten ari naiz eta baditut beste ideia batzuk ere.

Lau ipuin aurkeztu dituzu orain arte, zenbat izango ditu amaierako lanak?

-Luzeraren arabera izango da, ipuin batzuk besteak baino luzeago geratzen ari zaizkit, baina imajinatzen dut 12-14 ipuin izango direla.

Loturarik al dute ipuinek euren artean?

-Ipuin guztietan errepikatuko dira gizakioi agertzen zaizkigun pitzadura, arrakala edo krak txiki edo handiago horiek, izan norbere buruan, gorputzean, pentsamenduetan edo gure arteko harremanetan... Hori da bildumari zentzua eta Arrakalak izenburua ematen diona, oraingoz behintzat. Izan daitezke mina, beldurrak, obsesioak, kontraesanak, puntu deserosoak€ gai aldetik abaniko zabala daukat eskuartean baina badute hori komunean.

Hori dute komunean, baina estilo aldetik oso desberdinak dira, zergatik hautu hori?

-Aukera baino, horrela atera zaidan gauza bat izan da. Idazten hasi nintzen eta batzuk puntu errealista eta intimoago batekin atera zitzaizkidan, hausnarketa agerikoagoa egiten zutenak. Beste batzuk jolas gehiagorekin eta umore puntu handiagoarekin, surrealismo eta fantasia puntu batekin. Proiektuan hala azaldu nuen; egun guztiei ez diegu berdin begiratzen eta zauri guztiei ere ez diegu berdin begiratzen. Batzuetan, gehiago ukitzen gaituzte eta min gehiago ematen digute, eta, beste batzuetan, jolasetik edo beste distantzia batetik begiratzen diegu. Horrela irudikatu nuen nik.

Umoretik ere izango du, orduan.

-Asmoa hori da. Literaturan jolas hori dut gustuko, bai estiloarengatik beragatik, hitzen bidez jolas egitea gustatzen zaidalako, eta gero pertsonaiak eta eszenak umoretik aurkeztea gustatzen zaidalako ere.

Noiz irakurri ahalko dugu 'Arrakalak'?

-Proiektua bukatzeko urtebeteko epea ematen digute. Beranduenez, hurrengo urteko irailean aurkeztu beharko dut eta hortik edizio lanak, zuzenketak eta bestelakoak egin beharko dira. Horren ondoren, argitalpena 2023ko udaberrian izango da. Luze.

Zer aurkituko du irakurleak?

-Nik literaturarekin gozatzen duen irakurlea dut buruan. Eta, bestalde, bizitzaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi nuke. Gero, beste kontu bat izango da irakurleak testua hartzen duenean nondik irakurtzen duen eta zerk emango dion arreta, baina nik horrela bizi dut.

Ez da idazten duzun lehen kontua. Zein izan da zure ibilbidea literatur munduan?

-Egia da hau ez dela idazten dudan lehendabiziko gauza, baina, era berean, berri xamarra ere bada. Gauzak idatzi izan ditut, nahiko txikitatik tarteka idazteko joera izan dut. Gaztetxotan literatur-lehiaketetan sariak irabazi nituen eta horrek bultzada eman zidan. Gero, Filosofia ikastean idazketa bizitu nuen, idazle eskolan ere ibili nin-tzen, tarteka koaderno bat edo beste idatzi nuen, ipuinen bat ere bai, lehiaketaren batean aurkeztu€ Atzera begiratuta iruditzen zait joan etorrian egon den zerbait izan dela niretzako idazketarena; ez dut inoiz erabat hartu, baina, era berean, ez dut inoiz baztertu edo albo batera utzi. Aurten aldaketa egin dut eta nire buruari lizentzia eman diot denbora hartu eta pixka bat luzeago idazten ibiltzeko. Hori berria izan da.

Zer dela eta apustu hori?

-Bada, urtea hasita gauzak pixka bat aldatzeko gogoa sentitu nuen, probatzekoa. Nire buruari erronka jarri nion, ingurukoen laguntzarekin, aurten gehiago idazteko. Pausu horietako bat eguneroko bat idazten joatea izan zen, baina, horrekin batera koaderno batean ipuinen bat pentsatu, poesia pixka bat idatzi€ eta horrela.

Orokorrean, zertarako idazten duzu?

Esan bezala, atzera begira jarrita idazte hori gorabeheratsua izan da. Idatzi izan dut terapia modura momentu tristeagoetan, minetik gertuago nengoen momentuetan; gero idazle eskolan ibilitakoan; nire buruari erronkak jarrita€ Orain bilduma hau egitea daukat helburu, eta oso gustura nago, nire lekua hartzen ari naizela iruditzen zait.