TXIKITATIK nahi zuen aktore izan. Mozorratzea gustatzen zitzaion, baita magia ere. Plantak egitea zuen gustuko. Bere lagunekin biltzen zen etxean, aitaren kamera eskuetan hartu eta modu bateko zein besteko antzezpenak egiten zituzten. Euskara, gaztelera, ingelesa eta persiera ondo baino hobeto menperatzen ditu Fariba Sheikhanek (Gernika-Lumo, 1988). Aktore bat mila gauza izan daitekeela sinesten duena, eta horrek daukan xarmak liluratzen duena da Gernika-Lumoko aktorea.

Nor da Fariba Sheikhan?

-Bizia ahalik eta modu koherenteenean bizitzen saiatzen den neska bat da Fariba Sheikhan.

Abeslaritzat edo aktoretzat duzu gehiago zure burua?

-Egunaren eta aldartearen arabera. Nire nahirik handiena da barrutik hustutzea eta ahal dudan beteen sentitzea, era berean. Beraz, egun batean gehiago funtzionatzen dit antzezteak eta beste egun baten abesteak. Biak ditut bata bestearen ondoan.

Telebistan ezagutu izan zaitugu gehiago, baina antzerkian ere ibilitakoa zara€

-Bai, hala da, baina ez nahi haina. Modu profesionalean baino eskola mailan gehiagotan aritu naiz. Maritxu nora zoaz antzezlana izan zen egin nuen lehena. Modu profesionalean, aspaldi, Tanttaka Teatroaren Black Bird deitzen den antzezlanean parte hartu nuen. Antzerkian gehiagotan aritzea gustatuko litzaidake, egia esan. Modu profesionalean antzerkian lan egiteko zirkulu baten sar-tzea oso garrantzitsua da, eta ez da gauza erraza. Gaur egun antzerki munduan proposamen gehiago daude, eta hortik ere zerbait ateratzea ezinbestekoa da.

Aktore on bat izatera heltzeko, ezinbestekoa al da antzerkian aritutakoa izatea?

-Azken finean antzerkian ez dago akatsetarako tarterik, zuzeneko zerbait baita. Eta horren atzean dagoena ere lan handia da. Antzerkia egitean ez dago mozteko eta denbora tarte bat hartzeko aukerarik, guztia kontrolpean eduki beharra dago. Ez dakit horrek aktore hobea izatea egiten duen, baina, behintzat, erraminta ona da.

Film luzeetan, ostera, aukera gutxi€

-Duela zenbait urte Alaba zintzoa film luzean parte hartu nuen. Paper txiki bat neukan, ez dut pertsonaiaren izena gogoratzen, uste dut izenik ere ez zuela eduki, zerbitzaria zen eta ezer gutxi gehiago.

Baina gustatuko litzaizuke pelikularen bat egitea?

-Bat ez, urtean bi ere! Ikaragarri gustatuko litzaidake, noski baietz! Pelikulak beste mundu bat dira. Gaur egungo telesailek badute pelikuletatik ere asko, ia-ia zainketa beretsua daukate eta produkzioaren aldetik ere oso antzekoak dira. Baina bai, nik uste dut aktore guztiok amesten dugula zinemetako pantailan agertzearekin. Pelikulak prestatzeak beste erritmo batzuk eskatzen ditu, askoz ere motelagoak. Horrek ere laguntzen zaitu pertsonaia eta istorioa hobeto ezagutzen. Eta horrek lan hobea egitea dakar, ziurrenik.

Hori da beraz, zure erronka profesionala?

-Erronka baino, ametsa dela gehiago esango nuke. Nire erronka lan egiteko aukerak izatea dela esango nuke, alegia, denboraldi luzeak lanik gabe egotea.

Lanik gabe egotea kudeatzeko erraza al da?

-Ez da erraza, ez. Nik gogoan daukat Goenkale-n agertu nintzenekoa€ Ilusio handia egin zidan, eta ikaragarria izan zen hura, amets bat baitzen. Euskal Herrian arrakasta handia zuen telesaila zen. Amets hori beteta, El secreto de Puente Viejo iritsi zen. Estatu mailan zen hori; proiekzioa handiagoa zen, eta baita oihartzuna ere. Halako proiektu bat bukatuta, pentsatzen duzuna da ez zaizula lanik faltako, aukera gehiago ere etorriko direla. Baina hilabeteak igarotzen dira, eta ez da ezer ailegatzen. Eta hori oso etsigarria da hasieran; lan egin nahi duzu, ez duzu egoera ulertzen eta amorrua sentitzen duzu. Pentsatzen duzu: zergatik dauka lana honek eta nik ez? Azkenean konturatzen zara zure bokazioa bada, halako gauzei aurre egin beharko diezula.

Inoiz ezegonkortasun horrek egin dizu lanbidea uztea pentsaraztea?

-Bai, noski. Baina ez soilik ezegonkortasun horrek. Azken finean, industria bat dago honen guztiaren atzean. Ez da soilik talentua edukitzea ala ez edukitzea. Irudi bat ere zaindu beharra dago. Zoritxarrez, gaur egun, sare sozialetan erakutsi nahi denari garrantzi gehiegi ematen zaio. Eta azkenean horren guztiaren batura da. Imajinatu, bi aktoreren artean zalantzan daudela, bada, kasu horretan, izan daiteke jarraitzaile gehiago dituen hori aukeratzea, azken finean industria kapitalista bat delako. Badira, bestalde, aurpegi berriak nahi dituzten profesionalak ere, eta zure izenari garrantzia handiegirik ere ematen ez dietenak: horren adibide, esaterako, Dani De la Torre zuzendariak egin duena Movistarreko La Unidad telesailan.

Zuk ere garrantzia ematen al diozu sare sozialetan erakusten duzunari?

-Telesailaren promozioa lanaren parte bat da, baina nik ez dut nire burua agerian jartzen lanari mesede egiteko; nire lana da erakusten dudana. Egia da momenturen guztiok - aktore izan ala ez izan - zer edo zer erakutsi dugula sare sozialetan, eta horrekin jaso dugun maitasun edo arretak bete gaituela, baina azken finean badakigu zer den eta zein esanahi duen. Nik neuk, behintzat, ez diot bat ere garrantzirik ematen sare sozialen kontuari.

Aktore ona izateko formakuntza ezinbestekoa dela imajinatzen dut€

-Bai, baina nik uste beste edozein ogibidetan bezala. Zenbat eta gehiago jakin, lortu nahi diren emaitzetatik gertuago egongo zara. Baina ez da hainbeste formakuntza asko izatea, gero hori guztia praktikan ere jarri behar baita. Lanik egiteko aukerarik ez badaukazu, ez duzu jakingo egunean 12 edo 13 sekuentzia grabatzea zer den. Oso subjektiboa da dena. Nik ezagutzen dut formakuntza handia dutenak, oso aktore onak direnak, eta, aldiz, lan egiteko aukera gutxi dutenak, eta ezezagunak direnak. Mundu honetan norberak erabakitzen du zerk asebetetzen gaituen eta zerk ez. Askok ezaguna izatea bilatzen dute eta beste batzuek, aldiz, ez.

Zein litzateke zuretzat arrakasta handiena?

-Niretzako arrakasta handiena goizetan antsietate gabe eta pozik esnatzea da. Askotan pentsatu izan dut; beharbada, beste ibilbide bat jarraitu beharko nuke€ Ez daukat ezer argi. Gaur gaurkoz, badakit hau dudala gustuko eta horren bila joango naiz, baina ez dakit bihar leku berean jarraitu nahiko dudan.

Arrakastaz ari garela, ezin ukatu 'La Unidad' telesailak izan duen oihartzuna. Zure azken lana izan da hori. Inflexio puntua izan al da zure ibilbidean?

-La Unidad telesailean lan egitea oso interesgarria izan da; gainera, ibilbide profesional luzea duten aktore, zuzendari eta taldea izan da. Horrek, dudarik gabe, diferentzia markatu du.

Bigarren denboraldiko grabaketak ere bukatu dituzue. Nola joan dira?

-Oso ondo joan dira; egunaren arabera, batzuk luzeagoak beste batzuk baino. Denboraldi honetan, esaterako, gaueko grabazio asko izan ditugu. Madrilera joan eta etorri ibili naiz, baina ondo moldatu naiz. Aktoreek, gainera, jada elkar ezagutzen genuen€

'La Unidad'-en bete duzun paperari buruz baten batek idatzi zuen zuri erreferentzia eginez: "Espainiako ikus-entzunezko programan, etorkizun oparoa duen aktoreetako bat izan da". Hala dela uste duzu zuk ere?

-Telesail berrietan agertzen diren aktore guztiengatik esaten duten zerbait da hori -kar,kar,kar-. Baina hala bada, non dago nire lana? Eskaini iezadazue lana. Baina, benetan, ez dut nire burua hala ikusten. Ni ona naizela? Bai, ez dizut ezetzik esango. Baina besteak baino hobea naizela? Hori ere ez dizut esango. Baina nahiago nuke!

Aktorea izateaz gain, abeslaria ere bazara. Ez dakit abestea afizioa edo ofizioa den zuretzat€

-Abestearena zaletasuna da, baina gustatuko li-tzaidake berriz ere horri heltzea, eta asmoa hori da. Baditut nik sortutako abestitxo batzuk; letra gabe batzuk, eta erdizka egindako beste batzuk€ Entzuteko musika estilo guzti-guztiak ditut gustuko, baina nik neuk abesteko jazza dut kuttunen; nire ahotsari hobekien egokitzen zaiona delako eta gehien gozatzen dudana delako. Bestalde, Iker Laurobak Uda diskoa kaleratuko du aurki, eta singlearen bideoklipean parte hartu dut.

Eta orain zer, Fariba? Etorkizun hurbileko proiekturik badaukazu?

Zertxobait badago, baina oraindik ez da ziurtatuta dagoen zerbait; beraz, hobe ezer ez esatea ziurra izan arte, gero azalpenak eman beharko nituzke eta -kar,kar,kar-.